Kattalin Urzelai «oso pozik eta harro» Aspegi ekintzailetza saria jaso eta gero
Arkami arkitektura eta arte estudioko sortzaileak emakumezko enpresarien Aspegi sarietan aipamen berezia jaso du
Kattalin Urzelai Gonzalez Etxebarri, Arkami arkitektura eta arte estudioko sortzaile eta gidari zarauztarrak, banatu berri diren 2024ko emakumezko enpresarien Aspegi sarietan emakumezko ekintzaileari aipamen ... berezia jaso zuen. «Berria eman zidatenean sorpresaz eta ilusio handiz jaso nuen albistea, baina oso pozik eta harro jaso dut saria; niretzat ohore bat sari hau jasotzea».
Saria jasotakoan azaldu zuen bezala, « arkitekturan lizentziatu nintzenean 2008ko eraikuntza krisiak harrapatu ninduen bete-betean. Euskal Herrian lanik ez zegoenean, EEUUra abiatu nintzen esperientzia bila. Baina argi neukan Euskal Herrian bizi nahi nuela eta hortaz, denbora gutxira neukan esperientzia bakan horrekin bueltan etorri nintzen, eta nire kabuz lanean ekitea erabaki nuen. Hasiera ez zen erraza izan: emakumea, gaztea, ezezaguna... eraikuntza mundua oso masku- linizatua dago. Eta orduan konturatu nintzen zein den garrantzitsua aukera bat ematea. Aukerarik ematen ez bada, ekintzaileek ezin dugulako aurrera egin eta esperientzia jaso».
Zarautzen, 2018 urtean, Kale Nagusiko Arkami estudio zabaldu zuen eta dagoeneko hiru arkitekta hari dira lanean. Gainera, estudioaren kokapena aprobetxatu nahian, arte galeria txiki bat daukate bertan.
Jasotako aipamena ekintzailetasunaren inguruan izaki, «adierazi nahi dut zein bakartia den ekintzailearen bidea eta lana, eta zein den garrantzitsua ingurukoen babesa. Familia kontziliazioa ere, bestela ez bada erraza, oraindik ere konplikatutagoa da, batez ere haurrak txikiak direnean edo haurdunaldi prozesuan. Ama garenontzat zailagoa da merkatu liberalean aurrera egitea ditugun kargak direla eta. Egia da azken urte guzti hauetan lan asko egin dela emakumea lan munduratzeko eta gure lana ikusarazteko, baina lan munduan, emakume diren estudioetako buruak 3 aldiz gutxiago dira. Hau da, bulegoetako sozioen artean %23 emakumezkoak dira eta %77 gizonezkoak».
Zentzu horretan, «uste dut instituzioetatik pausuak eman daitezkeela, eta hasi dira, adibidez, lizitazio publikoetan emakume izateagatik puntuak ematen, baina barregarria da oraindik puntuazio hori, eta benetan eragin nahi bada, emakume izateagatik emandako puntuak esanguratsuak izan beharko lirateke».
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión