Basarri Saria Ekaitz Goikoetxeak irabazi du

Ekaitz Goikoetxea. Irabazlea, txapela jantzita; Aner Peritz gaztea, eta Julen Zulaikak, idatzitako bertso sarituak abestu zituzten. / ETXEBERRIA
Ekaitz Goikoetxea. Irabazlea, txapela jantzita; Aner Peritz gaztea, eta Julen Zulaikak, idatzitako bertso sarituak abestu zituzten. / ETXEBERRIA

Beasaindarrak 'Nola ez dakizun hori' izenburua daraman bertso sortarekin eskuratu du lehen saria | Bigarren saria Aner Peritzek bereganatu du eta aipamen berezia Julen Zulaikak jaso du, biak zarauztarrak

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Aurtengo Basarri bertso-paper lehiaketaren irabazlea Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (Beasain, 1980) izan da, 'Nola ez dakizun hori' izenburua duen bertso sortarekin. Egungo jendartearen kontraesanak eta norabideak ditu aipagai, begirada zorrotz eta hizkera-modu trebez. Epaimahaiaren ustez, «bertsoek badute oreka, betelana ederlan bihurtzen asmatu du eta bertso bukaera indartsuak erantsi dizkio horri».

Ekaitz Goikoetxeak Gasteizen Euskal Filologian lizentziatu eta lehen lan urteak Lazkaoko Maizpide Euskaltegian igaro ondoren, azken hamaika urteetan Nafarroako hezkuntza arautuan aritu da Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasten, Atarrabian eta Burlatan. Lau urtez Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasketak ikasketaburu zereginekin uztartu ditu gainera. Irailetik aurrera Beasaingo institutuan hasi da lanean.

Aurtengo XXXV. Basarri bertsopapel lehiaketara 16 lan aurkeztu dira. Andoni Egaña, Rosa Lertxundi, Ibai Esoain eta Nahikari Gabilondok irakurri eta aztertu dituzte lan guztiak. Bigarren saria, Aner Peritzek (Zarautz, 2002) bereganatu du, 'Zer ez izan' bertso sortarekin. Bere genero identitateaz zalantzakor dagoen hamabost urteko pertsona bat du ardatz bere sortak. Epaimahaiaren iritziz, «badu berrikuntza aipagarririk. 'To'ka eta 'no'ka egiten dio txandaka esparru jakin bakarrean sailkatzea nahi ez duen pertsona horri, esaterako».

Bestalde, aurten, epaimahaiak aipamen berezi bat egitea erabaki du. Julen Zulaika (Zarautz, 1980) 'Zarauzko Merkatu Plaza' bertso sorta nabarmendu izan nahi du epaimahaiak, «herriko txoko maitatu eta esanguratsu horri erreparatzeak ere bere meritua duelako».

Ekaitz Goikoetxearen seigarren Basarri saria da. Bertso irabazleak abestu aurretik, pasa den ekainean zendu zen Rufino Iraolari eskaini nahi izan zizkion bertsoak. «Bera zaldibiarra izanik, berarekin hurbiltasuna banuen. Bertso sorta hauetan Rufino gogoan dut, aholkuak ematen zizkidan; gizarte estresatu batean bizi garela eta berak kontsumismoa eta presak alde batera utzi eta bakoitzak bere buruarekin denbora hartzea eta bizitza patxarasoago baten aldekoa zen, gizartearen abiadura kritikatuz».

Era berean, 'Mantxik' Rufino Iraolak, ingresatuta zegoenean idatzitako lau bertso abestu zituen, omenaldi modura. «Aurtengo sariketarako epaimahaikide izateko deitu zioten egun berean hil zen. Hainbeste urte gurekin etagero, familiak pasatako bertsoak abestuko ditut omenaldi eta agur modura».

XLIII. Lizardi Sariaren finala

Gaur 22.00tan, Modelo aretoan, XLIII Lizardi Sariaren finala ospatuko da. Kanporaketa egin ostean, sei bertsolari izango dira bertan: Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Maider Arregi (Oñati), bi hauek zuzenean sailkatuak, eta beste ondorengo lauak puntuazioz sailkatuak: Aitor Bizkarra (Abadiño), Joanes Illarregi (Leitza), Maddiane Txoperena (Lesaka), eta Unai Izagirre (Azkoitia). Hiru gipuzkoar bi nafar eta bizkaitar bat finalean, lau gizonezko eta bi emakume. Sarrera Turismo Bulegoan erosi daiteke, 3 eurotan, edo bestela Modeloko takilan, saioa hasi aurretik.