Orio
Sanpedroak, adin guztietako herritarrentzatOstiral honetan, jubilatuen hamaiketakoa, futbol txapelketa, kalejira, elektrotxaranga, 20:00etan txupinazoa eta ondoren kontzertu eta erromeriak
Ostiral honetan zabalduko dira Orioko Sanpedroak, arratsaldeko 20:00etan udaletxeko balkoitik jaurtiko den txupinazoarekin. Hori bai, aurretik beste zenbait ekitaldi ere izango dira festak egun bat aurreratzeko erabakia hartu baita, asteburua hobeto aprobetxatzeko. Udalak festa-batzordearekin elkarlanean osatu du egitaraua lau bileretan, eta saiakera egin da adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatzen.
Jubilatuei goizeko 10:30etik aurrera Zaharren Babeslekuan emango zaien hamaiketakoarekin zabalduko da egitaraua. Arratsaldeko 15:00etan, 3×3 futbol-txapelketa (16 urtera arte), jokatuko da Mendibeltz futbol-zelaian. Ondoren, 18:30ean, erraldoien eta buruhandien kalejira kalez kale Danbolin Musika eta Dantza Eskolako txistulariekin. Jarraian, 19:00etan, Matraka elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, Endaia Plazatik Herriko Plazara.
Esan bezala, 20:00etan txupinazoa jaurtiko da, eta jarraian Herriko Plazan jarri diren txosnak irekiko dira; 20:15ean, Oilar Beltzak taldearen kontzertuari hasiera emango zaio. Euskaraz abestutako rantxera eta bestelako abestiekin dantzan jarriko dituzte herritarrak. Gauean, berriz, Eztanda erromeriaren txanda izango da, 23:00 – 2:00 ordutegian. Eztanda erromeri taldea eta DJ Track-a, izango dira Herriko Plazan.
Gogoratu, bestalde, asteburu osoan Puntu Morea jarriko dela turismo-bulegoaren parean, 23:00etatik 2:00etara, herritarrei informazioa emateko, inolako eraso sexista, homofobo, transfobo eta arrazistarik ez dela onartzen mezuarekin.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie festa-batzordearen bileretan parte hartu duten herritarrei eta festetako ekitaldiak antolatuko dituzten eragileei.Egitarauak San Pedro bigarrena arte jarraituko du.