Orio
Gizonezkoen trainerua, Espainiako txapeldun, eta Badok 13, azpitxapeldunUste baina hobeto hasi du denboraldia gizonezko traineruak. Lehendabizi Gipuzkoako txapelketa lortu zuen Orion, ondoren Euskadikoa Bermeon eta asteburu honetan Espainiakoa Castro Urdiales-eko uretan. Guztira 26 urte zeramatzen Orioko gizonezkoen traineruak Espainiako titulurik lortu gabe eta, merezimendu osoz lortu dute, larunbatean sailkatze estropadan nagusi izan ondoren eta igandean Zierbena, Donostiarra, Urdaibai eta Chapela atzean utzi ostean.
Egia da entrenatzaike eta patroi berriarekin batera (Iker Zabala eta Gorka Aranberri), lau-bost fitxaketa egin dituela klubak, baina ez zen espero hain azkar emaitzak ikusten hastea. Neguko eta udaberriko entrenamenduetan egiten ari diren lan serio eta finaren emaitza da ikusten ari garena, «baina oraindik badugu zer hobetua», zioen Iker Zabalak Espainiako txapelketa irabazi eta gero. Aurretik traineriletan ere tripletea lortu du Orio Arraunketa Elkarteak, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako Txapelketak eskuratuz.
Traineruari dagokionez, 16. Espainiako Txapelketa da Castron lortutakoa: 1946, 1951, 1952, 1955, 1964, 1971, 1973, 1974, 1975, 1976, 1986, 1993, 1995, 1998, 1999 eta 2025.
Errezibimendu beroa jaso zuten arraunlariek igande arratsaldean, ehundaka zale bildu zirelarik Herriko Plazan garaipena arraunlariekin batera ospatzeko.
Badok 13 Orio, bigarren
Era berean, bikain Badok 13 Orio. Ezin izan zuen titulua eskuratu, baina bigarren egiteko ere maila izan behar da eta herriko beteranoen traineruari Moañako Samertalomeuk bakarrik hartu zion aurrea.
Larunbateko kanporaketan Badok 13 Orio ontzi bizkorrena izan zen. Baina berehala antzeman zuten Samertolemeukoek ez zizkiela gauzak erraz jarriko, kasik denbora bera egin baitzuten bi untziek. Gainera, Cabo Da Cruz ere ia bi segundora geratu zen.
Beraz, igandeko estropadan bandera lortzea garesti zegoen, eta hori bistakoa izan zen uretan. Estropada estua jokatu ondoren, Samertolemeuk bereganatu zuen txapelketa, 10:08,32ko denborarekin, eta Badok 13 trainerua orpoz orpo iritsi zen, 1,74 segundora besterik ez. Cabo Da Cruz sailkatu zen hirugarren, 11 segundoko atzerapenarekin eta laugarren Redondelako Chapela. Oriotarrak beraz, Galiziako beste lau ontziez inguratuta.
Zorionak arraunlari guztiei!
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.