Orio
Azken hiru urteetan irabazitako 70 banderen bedeinkapena egingo dute biharArraunlari, entrenatzaile eta laguntzaileak 13:00etan aterako dira Arraunetxetik bandera guztiekin
Antxon Etxeberria
orio.
Larunbata, 6 abendua 2025, 20:44
Orio Arraunketa Elkarteak azken hiru denboraldietan (2023, 2024 eta 2025 urteetan) irabazi dituen 70 bandera eta koroaren bedeinkazioa egingo da bihar eguerdian. Jakinarazi ere azken denboraldi honetan irabazi direla bandera gehien, 42 guztira. Arraunlari, entrenatzaile eta laguntzaileak Arraunetxetk banderak soinean dituztela eguerdiko 13:00etan atera eta oinez elizara bideratuko dira bedeinkapenerako. Ondoren, 13:45etan, banderen argazkia aterako da Herriko Plazan eta 14:30ean, bazkaria dago antolatuta Karela kiroldegian, arraunzale guztiak bilduko dituen bazkaria.
Gaur San Nikolas bigarrena
Dena den, banderen bedeinkapena bihar izango da. Aurretik, gaur, San Nikolas bigarren honetako egitaraua goizeko 11:00etan zabalduko da 'Gora bihotzak' umeen ikuskizunarekin Herriko Plazan; eguerdiko 12:30etatik aurrera poteo musikatua hasiko da, kalez-kale ibiliko direlarik. Ondoren, 14:30etan, herri bazkaria Karela kiroldegian, bazkal ostea Orioko txarangak girotuko duelarik.
Arratsaldeko 18:30ean erraldoi eta buruhandien kalejira aterako da. Eta egunekoarekin bukatzeko, 23:00etatik aurrera, aukera zabala gaueko emanaldiekin: Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, DJ Troti eta DJ La Fulaha herriko plazako oholtzan.
Bihar azken eguna
Bestalde, biharko San Nikolasetako hirugarren eta azken egunean, goizeko 06:00etan gaupaseroek Oa kaleko eskaileretan argazkia ateratzeko aukera izango dute. Goizeko 11:00etan, haurrentzako Euskal Herriko jostailuen lantegi eta jokoak. Jarraian, bertan bazkaltzeko aukera izango da Gure Sukaldetik-en eskutik. Eguerdiko 12:00etan, Herriko Plazatik abiatuta eta kalez-kale, kantu-jira, Euskal Herriko kantuak abestuaz.
Arratsaldeko 16:00etatik aurrera herri kirol parte-hartzaileak antolatu zaizkie haur eta gaztetxoei herriko plazan; jarraian, 17:00etan herri kirolak Joseba Ostolaza harri-eskolako kirolarien eskutik. Ordu berean, erraldoi eta buruhandien jaietako azken kalejira abiatuko da; 18:30ean talo jana eta aurtengo San Nikolasak bukatzeko, 19:30ean erromeria Muxutruk taldearekin.