Getaria
Kiroldegi kanpoko kantxaren estalpea eraikitzeko obrak abiatu dituzteSei hilabete inguru iraungo dute lanek, eta Getariaren zein getariarren hainbat beharri erantzungo die
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Larunbata, 20 iraila 2025, 21:30
Sahatsaga kiroldegiko kanpoko kantxaren estalpea eraikitzeko obrak abian jarri dituzte aste honetan. Bulegoa eta Iparragirre Eraikuntzak enpresak arduratuko dira lan hauen zuzendaritzaz eta exekuzioaz, halako konplexutasuna duten lanak egiten esperientzia handiko bi lantalde, hain zuzen ere.
Horietako bat, gainera (Iparragirre Eraikuntzak, zehazki), ezaguna da herrian, Zarautz Jauregiko esku-hartze dotorean parte hartu baitu.
Lanak aste hontan hasi dira, eta sei hilabete irautea aurreikusten dute enpresek; dena den, denbora tarte horretan, hainbat une eta erritmo izango dira, guztiak ere udal-teknikariekin adostuta. Ofizialki lanen lehen urratsak aste honetan eman badira ere, aurre-lanak (egungo horniduren desmuntatze-lanak) udal-brigadak egin ditu.
Lanen eragina
Lanek herritarrengan eta kiroldegiko erabiltzaileengan eragina izateaz gain, bereziki eragingo du eskolako egunerokotasunean. Hala, obren iraupenaren zatirik handienean, ezingo da kiroldegi kanpoko kantxa erabili, eta jarduera guztiak eraikineko frontoian egin beharko dira. Une jakin batzuetan salbu, sahatsagako sarbidea erabilgarri egongo da joan-etorrietarako, eta behar bezala babestuta. Nolanahi ere, joan-etorri orokorretarako Balentziaga museoaren atzealdeko pasabidea erabiltzea gomendatzen dute Udalak eta enpresek.
Lanen nondik norakoak herritarrei azaltzeaz batera, Udalak kiroldegiko eta eskolako arduradunekin partekatu du informazioa. Estalpeak herriari ekarriko dizkion onurak balioan jarri eta horren berri emateaz gain, Udala jakitun da lanek zenbait eragozpen sor ditzaketela; horrenbestez, azpimarratu nahi da obran parte duten alderdi guztien aldetik, lanen eragina arintzeko behar diren neurri guztiak hartuko direla.
Beraz, eragozpenak ahalik eta txikienak izango diren esperantzaz, nabarmendu behar da herriak laster izango duela askotariko erabileretarako gune estali publiko eta ireki bat.