Euskara ikasi dutenek diru-laguntzak eskatzeko azken egunak

JOSU ARANBERRI USURBIL.

2017/2018 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrentzat zuzendutako diru-lagun-tza deialdian eta ikasturte honetan aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzat zuzendutako diru-laguntza deialdian parte hartzeko egunak dira hauek, bihar izango baita horretarako azken eguna. Bi diru-laguntza deialdi hauek ekainaren erdi aldera kaleratu zituen udalak: batetik, 2017/2018 ikasturtean euskara ikasi dutenek diru-laguntza eskatzeko deialdia; eta, beste alde batetik, 2017/2018 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenek diru-laguntzak eskatzeko deialdia. Batean zein bestean eskaerak egiteko epea ekainaren 25ean hasi zen, eta uztailaren 6an, bihar, bukatuko da.

Lehenengoari dagokionez, udalak oso garrantzitsutzat irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari, eta gaur-gaurkoz doakotasuna bermatzen du udalak, kaleratzen dituen diru-laguntzei esker. Hala, HABEk homologatutako ikastaroak lagunduko ditu diruz, zein homologatu gabekoak direnak, baina beti ere ikasturtean zehar urrats bat gainditzen dela ziurtatzen bada. Diru-laguntza jasotzeko, honako baldintzak bete behar dira: Usurbilen erroldatuta egotea; gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea; eta, autoikaskuntzaren kasuan, gutxieneko aprobetxamendua gainditzea. Horiek betez gero, herritar guztiek matrikula kostuaren % 100 jasoko dute. Edonola ere, gehienera ere, 600 euroko laguntza jasoko dute.

Aisialdiko ikastaroak

Aisialdiko ikastaroetako diru-laguntzen kasuan, 2017ko uztailetik 2018ko ekaina bitarte egindako ikastaroak lagunduko dira, honako baldintzetan: Usurbilen erroldatuta izatea; 16 urtetik gora izatea; ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea (aisialdiko begirale ikastaroa edo aisialdiko zuzendari ikastaroa); eta, ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea. Araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako diru-laguntza.

Bestalde, honako kopuru hauek emango dira: begirale ikastaroen kasuan, matrikularen % 50 emango da, gehienez ere 250 euro, eta zuzendari ikastaroaren kasuan ere, matrikularen % 50, baina gehienez ere, 170 euro. Aipatu portzentaje hori gutxitu egin daiteke aurkezten diren eskarien arabera.

Temas

Usurbil

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos