Deskonfinamenduaren lehen faseak aldaketak ekarri ditu
Hainbat neurri aplikatzen dira, etxealdia arintzeko
Deskonfinamenduaren lehen fasean segitzen dugu Gipuzkoan, baina, aste honetatik aurrera, hainbat neurri aplikatzen ari dira, etxealdia arintzeko. Garrantzizkoenak ondorengoak dira: herritarrek Gipuzkoa osoan barrena mugitu ahal dute eta, beraz, aukera dute, esaterako, lurralde historikoko beste edozein herritan bizi diren senide eta lagunak bisitatzeko.
Kalera ateratzeko ordu-tarteak bertan behera utzi dira 10.000 biztanletik beherako herrietan (Oriok 6.000 biztanle inguru du) eta, hortaz, oriotarrak nahi duten orduan atera daitezke kalera 06.00etatik 23.00etara, eta ez ordu jakinetan, adinaren arabera, orain arte bezala. Berriro ere aisialdiko arrantzan edo ehizan aritzeko baimena izango dute herritarrek, elkarren arteko distantzia fisikoa gordeta.
Denda eta tabernek, berriz, aurreko astean jarritako neurriak betetzen segitu beharko dute, horietan baldintzak ez dira-eta aldatuko, hasiera batean, 2. fasean sartu arte. Aldaketa bakarra da merkealdia egiteko aukera izango dutela dendek azkenean, Espainiako Gobernuak hasiera batean ezetz esan bazuen ere.