Azpeitia
Biele ISBk denboraldi berrirako taldea lotu duIrailaren 1ean hasiko du aurredenboraldia, eta lau lagunarteko partida jokatuko ditu taldeak Bigarren Feb liga hasi aurretik
ISB Bielek 2025-2026 denboraldirako taldea lotu du. «Bigarren FEB mailako probintzietako hiriburuz osatutako Mendebaldeko multzo gogorrean lehiatuko da Biele ISB. Taldearen ardatz aurreko urteko taldeari jarraipena emanez etxeko eta Gipuzkoako jokalari blokea izango da: Ierai Aizpitarte, Andoni Atxa, Mikel Olaizola, Iñigo Miranda eta Oier Inda», azaldu dute Iraurgi Saskibaloi klubetik.
Horrez gain, Espainiako hirugarren mailan esperientzia duen eta maila ona erakutsi duen jendea ekarri du. Oier Ardanza eta Mohamed Niang, Zornotzarekin kategorian pisu handia izan duten jokalariak; Adriá Moncanut, SD Ponferradatik Bigarren FEB mailako antolatzailerik onenetakoa izan ondoren; eta Unai Barandalla, 2023-2024 denboraldian Bilbao basketekin hirugarren FEB mailako jokalari onena izan ondoren, lehengo urtean Ciudad de Huelvarekin lesio luze bat izan eta ondo errekuperatu ondoren, Bilbao Basketekin ematen ari zen pausoa eman eta Bigarren FEB mailan jokalari garrantzitsu izan daitekeela erakutsiko du.
Amaitzeko, kanpoko fitxaketak ere badaude: Thierry Sagna eta Djibril Sakho, pibot senegaldarrak, «pinturan indarra eta presentzia eskaintzeko», eta Jordan Jermain, saskiratzaile eta jaurtitzaile estatubatuarra, «puntuak emateko prest».
Hala, Azpeitiko eta Azkoitiko saskibaloiko gizonezkoen taldea ondorengo jokalariek osatuko dute: Ierai Aizpitarte (antolatzailea, 1.83m), Adriá Moncanout (antolatzailea, 1.83m), Oier Ardanza (hegalekoa, 1.93m), Mikel Olaizola (hegal pibota, 2.00m), Thierry Sagna (pibota, 2.07 m), Mohamed Niang (hegal pibota, 2,03 m), Unai Barandalla (hegalekoa/eskolta, 1.96 m), Jordan Jermain (eskolta, 1.89m), Iñigo Miranda (hegalekoa, 1.94m), Djibril Sakho (pibota, 2.10m), Andoni Atxa (hegalekoa,1.95m) eta Oier Inda (antolatzailea, 1.83m).
Entrenatzaile berria
Horrez gain, Euskal Herriko teknikari gazte nahiz esperientziadun baten alde egin du apustu Iraurgik: Iñigo Nuñez santurtziarra izango da mutilen taldeko entrenatzaile nagusia, hain zuzen ere. 1998koa izanik, Segunda FEB mailako Ciudad de Huelva eta Teknei Bizkaia Zornotzako entrenatzailea izan zen iaz, Britainia Handiko nesken selekzioko laguntzailea da, EBA ligan ere esperientzia du Santurtzirekin igoera bat lortuz eta Espainiako Emakumeen Ligan Lointek Gernikan ere laguntzaile izanda.
Bere laguntzaile izango dira Gorka Atxa leioaztarra eta Andoni Azpiazu azpeitiarra, aurreko urteetako Iraurgiko mutilen lehen taldeko laguntzailetako bat nahiz kadete eta junior mutilen Euskal Ligako entrenatzailea. Bestalde, Santi Merino delegatuak eta Josu Larrañaga prestatzaile fisikoak Biele ISBko kide izaten jarraituko dute denboraldi honetan ere.
Iraurgi SBk eskerrak eman nahi dizkio Biele Group-i «babesle nagusi izateagatik, eta baita proiektu hau posible egiten duten babesle eta erakunde guztiei».
Aurredenboradia
Aurredenboraldiko egutegia ezagutzera eman du gizonezkoen taldeak. Biele ISBk irailaren 1ean hasiko da entrenatzen, eta lagunarteko lau partida jokatuko ditu denboraldiari hasiera eman aurretik.
Hauek dira datak: Irailaren 5ean Adour Dax Basket (Frantzia) taldearen aurka neurtuko da, Hazparnen (Lapurdi); irailaren 13an Clavijo taldearen aurka, Logroñon; irailaren 20an Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldearen aurka jokatuko du, Nafarroan; eta 27an edo 28an (data zehazteko) Logrobasketen aurka, Azpeitian.
Bigarren FEB Ligaren hasiera urriaren 5ean izango da. Lehen jardunaldia etxean izango da, berriz ere Logrobasketen aurka.