Prest Urola Bizirik taldearen Ingurumen jardunaldiak
Hirugarren edizio honen lehen jarduetra hilaren 9an izango da eta Çbertan Begoña Zubiaren 'Urak aske' izeneko dokumentala eskainiko da Elkargunean
Datorren asteazkenan, hilak 9, Urola Bizirik Natur taldeak antolatuta Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen laguntzarekin, III. Ingurumen jardunaldiei hasiera emango zaie. Lehen hitzordua Azkoitiako Elkargunean izango da iluntzeko 19:00etan hasita eta egun horretarako Begoña Zubiak zuzendutako 'Urak aske' izenburuko dokumentala eskainiko dute.
Dokumental honetak Zubiak Artikutzan dagoen Enobietako eta Normandian dagoen Vezinseko urtegiak nola hustu dituzten kontatzen du. Elhuyar fundazioak egin du dokumentala, Pixel ekoiztetxearekin elkarlanean, eta Presak kendu, ibaiak berreskuratu leloa du lanak.
Zubiaren lan honek 'Naturak zaintzen gaitu' izenburupean antolatutako ingurumen jardunaldi hauen lehen hitzordua izango da baina izango da hil honetan zehar zer ikusi eta entzun hurrengo egunetan Azkoitian eta Azpeitian.
Esaterako, hilaren 10 eta 11n, Javier Arenas azpeitiarrak 2018an ondu zuen Urola ibaia dokumentala eskainiko dute Elkargunean. Urolaren historia eta ibaiak duen bizia kontatzen du lanak, eta herriko ikastetxeetako ikasleentzat izango dira bi emanaldiak.
Hilaren 15ean, berriz, Berezko basoen ekarpena hitzaldia eskainiko du Joserra Diezek, Azpeitiko Baigeran, iluntzeko 19:00etan. Diezek zein Estibaliz Sarrionandiak Azpeitiko ingurune naturalen katalogoa ondu zuten 2005ean, eta han herriko ondare naturalari buruzko nondik norakoak jaso zituzten bi autoreek. Biologian doktorea da Diez, eta bere ikerketak hezkuntza zientifikoari eta iraunkortasunerako hezkuntzari buruzkoak izan ohi dira, bereziki uraren eta lurraldearen zaintzari lotutakoak. Uraren, lurraldearen, klima aldaketaren, trantsizio energetikoaren eta ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren inguruko hainbat proiektutan parte hartu izan du Diezek, eta Azpeitiko hitzaldian ere gai horiek izango ditu hizpide, Ibai Eder urtegiari aipamen berezia eginez.
Azken hitzordua kasu honetan, hilaren 17an izango da azken emanaldia, eta Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, arratsaldeko 18:30ean. Gure faunari eta florari begira: ornodunak liburua oinarri hartuta arituko dira hizlariak solasean, euskal gizarteak naturarekin izan duen harremanak utzitako ahozko ondarearen inguruan; besteak beste, kondairak edota sinesmenak jorratuko dituzte.
Mintegiak martxan
Bestalde, Urola Bizirik Natur Taldeak iragarriz duenez, «gure taldean hasiak gara jada neguan egiten ditugun landaketak presta-tzen eta, horretarako, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen laguntzaz, gune egokien prestatze-lanetan ari gara. Alde batetik, Azkoitiko udalari esker lurra eskuratu dugu Munoaundin dugun mintegia osatzeko. Bestalde, Azpeitiko udalak Madalena auzoan dugun eremuan bi bankal jarri dizkigu gure mintegia kondizio hoberenetan eman dezagun.
Momentu honetan Azkoitiko herri baratzetan 400 landare inguru ditugu, gehienbat haritzak, baina baita ametz batzuk ere. Azpeitian baita landare ugari ditugu, gehienbat haritzak».
«Bi gune hauetan mintegiak osatzeko egin beharreko lanekin jarraituko dugu eta, laster, laguntza eskatzeko deialdia egingo dugu, lur ugari mugitu behar baita. Ondoren, neguan, bertan sartuko ditugu jasota ditugun hainbat hazi eta ezkur. Horretarako ere deialdi irekia egiteko asmoa dugu, ea horrela, denon artean, gure inguruak zuhaitz ederrez estali eta berdetzen ditugun», aditzera eman dute euren web gunean.