Maxixatzenen mende laurdeneko ibilbidea erreportaje digitalean jaso dute
Iaz bete zituzten Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta izen bera hartzen duen herri-komunikabideak 25 urte. Mende laurdeneko ibilbideak jasotzea merezi duelakoan, erreportaje digitala argitaratu dute. Irene Elortza da edukien egilea eta Urolako Komunikazio Taldea arduratu da sareratzeaz.
www.maxixatzen25urte.eus loturan ikus daiteke erreportajea. Atzo aurkeztu zuten proiektua udaletxean Maxixatzeneko kide den Julen Garatek eta Irene Elortzak berak, eta bidelagun izan dituzte egitasmoa babestu duten erakunde eta enpresetako ordezkariak, hala nola, Marijose Arregi Euskara zinegotzia eta Danobateko Jose Antonio Hidalgo. Sidenor enpresatik ezin izan du inork parte hartu.
«Merezi duen edozein ibilbide, pasadizo, bizitza edo ezagutzak bere txokoa behar du. Lehen, artxiboetan, paperean, eta orain, zuen kasuan, erreportaje digitalaren bidez. Euskarri digitalak alde on bat du, eguneratu daitekeela. Eta uste dut Maxixatzen Euskara Elkarteak oraindik ibilbide luzea duela, eta erreportajea eguneratzea tokatuko zaizuela», azaldu du Marijose Arregik, herri batean euskara elkarteak eta euskarazko komunikabideek duten eragina eta garrantzia azpimarratzearekin batera.
Julen Garate pozik agertu da behin erreportajea argitaratuta, urtebete inguru eman dietelako lanketak. Irene Elortzarentzat, «kazetari bezala gozamena» izan da lana burutzeko izan dituen denbora eta askatasunarekin kontatzea. «Konfiantza osoa eman didate hasieratik gaur arte eta hori gutxitan izaten den arren, horrela sentitu naiz».
Elortzak lau azpiataletan banatu du edukia urtezka: Erein, Hazi, Garatu eta Heldu. Erein azpiatalean Maxixatzenen lehenengo urteak jaso ditu Elortzak. «Iruditzen zitzaidan -esan du egileak- prozesu organiko bat dela hau. Maxixatzen hazi txiki batetik hasi zela eta hazten ari dela oraindik, eta orain itzal handia eta sustrai sakonak dituen arbola dela, eta horri tiraka sortu nituen azpiatalak. Ziragarriena Erein da. Amodiozko istorioak bezala, hasiera sekulakoa delako. Kriston ilusioa, kriston indarra, kriston zirarra, gazte batzuen inozentzia eta herri baten erantzuna daude hor».
Hazi azpiatalak 2003tik 2008ra arteko bidea jasotzen du. «Aldizkariaren 100. alea heldu zen garai hartan, sekulakoa. Gero astekari izatera pasatu zen». Garatu azpiatalak 2009 eta 2014 arteko ibilbidea jasotzen du. Orduan bizitako krisi garaia aipatu du Elortzak. Azken atalak 2015 eta 2021 arteko urteak jasotzen ditu. «Aldizkaria indarrarekin bueltatu zen eta atari digitala sortu zen, gure erreferentea dena».