Juan Mari Arrizabalagaren marrazki erakusketa Portaleburun, hilaren 29ra arte
Ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai
SARA UTRERA
azkoitia.
Igandea, 22 urtarrila 2023, 00:03
Juan Mari Arrizabalagaren marrazki erakusketa izango da Portaleburu aretoan, hilaren 29ra bitartean.
«Marraztea nire bizitza da», aitortu du Arrizabalagak (1946). Marraztea beti izan da bere grina. Ez du gogoratzen noiz hasi zen, «baina txiki-txikitatik hasi nintzen». Donostian bizi den azkoitiarrak oroitzapenak ditu eskolan itsasontzi eder bat marraztu zuela edo pinturak oparitzeko ilusioa egiten ziola. «Gurasoek 9 urterekin esan zidaten nor ziren Errege Magoak Bilboko Zazpi Kaleetan paseatzen ari ginela. Oparia aukeratzeko eskatu zidaten, eta nik akuarela-kaxa bat aukeratu nuen. Kutxa etxean dut oraindik», gogoratu du. «Beti gustatzen zitzaidan marrazkiak kopiatzea eta arte asko begiratzen nuen. Haserretu egiten nintzen elizako argiak itzaltzean, artelanak ikusi ezin nituelako».
Pinturak betidanik bete duen arren, inoiz ez da profesionalki horretan aritu. «Ez dut nahi izan». Hala ere, beti izan du artea bere alboan eta inoiz ez du pintatzeari utzi. Arrizabalagak Filosofia eta Teologia ikasi zuen Vienan, eta bertan bizi eta fraile izan zen 21 urte betetzean atera zen arte. «Hor bai izan nuela arteaz gozatzeko aukera! Komentuan bizi nintzen, eta hala ere, elizak baino museo eta erakusketa gehiago bisitatu nituen. Ondoren, bueltatu nintzenean, aseguru-ikuskatzaile izan nintzen, nahiz eta nire denbora libreetan margotzen nuen», dio. Erretiroa hartu ondoren, gehiago arduratu da bere benetako grinaz.
Filosofia eta Teologia ikasi zuen Vienan, eta bertan bizi eta fraile izan zen 21 urte bete ondoren atera zen arte
Azkoitiarra artista autodidakta da. Interpretazio figuratiboaren azterketa arretatsu eta analisiaren eta teknika metodo pertsonal eta ebolutiboekin erabiltzearen arteko «sinbiosi gisa» bizi eta sentitzen du irudia, marrazkietan, diseinuan, argazkigintzan eta ilustrazioan. «Lehen akuarelaz margotzen nuen, baina 22 urterekin 'La divina comedia'-ren grabatua luma-muturrekin –edo plumilla teknika erabiliz– marraztera animatu nintzen», azaldu du.
Arrizabalagak irudimen handia du. «Donostian paseatzen, Victoria Eugenia dorrea pintatzea bururatu zitzaidan. Donostiak dorre zoragarriak ditu eta pixkanaka-pixkanaka guztiak egitea pentsatu nuen. Uste nuen 50 bat egingo nituela, eta, azkenean, 220 egin nituen». Azkoitiarrak 1.300 lan baino gehiago egin ditu. Gipuzkoako hiriburuko dorreez gain, besteak beste, monografiko desberdinak egin ditu, Euskal Herriko ondare kultural, historiko edo artezkoari buruz. Paisaiak, Gipuzkoako parrokietako kanpai dorreak, Urola trenaren geltokiak, Euskal Herriko gazteluak, baserriak, arkitektura ezagunak, mitoak, erlijioko pasarteak eta elehazarrak, etab.
Bere lanen artean Elkargik argitaratutako egutegien diseinua nabarmentzen da. «Izugarrizko pena eman zidan Urolako tren-zerbitzua kentzea, gure trena. Asko gustatzen zaizkit geltokiak, eta pena horrekin, Urolako tren geltokiak margotzea erabaki nuen, Zumarragatik Zumaiaraino. Kontseilari delegatu batekin hitz egin ondoren, egutegi bat egiteko ideia sortu zen, eta halaxe egin zen. Harrezkero, 25 egutegi argitaratu zituen Elkargik nire marrazkiekin, Euskal ondare arkitektonikoko historiko eta kultural gai batekin».
«Euskal ondareari buruzko monografiko asko egin ditut. Garai batean, haiek egiten nituen, eta ia nahitaez. Handik askatu nintzenean, beste zerbait egin behar nuela pentsatu nuen», azaldu du. Hala, plumillaz beste motatako marrazkiak egiten hasi zen. «Gai interesgarri bat bururatu zitzaidan eta lantzen hasi nintzen: gizonaren gainbehera nola planteatu da historian eta mitologian». Lan horietako batzuk Portaleburun daude ikusgai, batzuk beste artelan batzuen erreplikak dira.
43 artelan Portaleburun
Erakusketa-aretoan dauden 43 lanen artean, estilo eta formatu desberdinetakoak, koadro panoramiko bitxiak, monografikoak eta kezko irudiak daude. «Beste lan batzuk ere egin izan ditut, hala nola kartelgintza, eskuprogramak, liburu eta aldizkari azalak».
Beste lan batzuk beste marrazki batean marraztutako baserriak dira, sagarra edo atxurra baten barruan marraztutako baserriak, esaterako. Erakusketan Antonio Oteizaren eskulturen marrazkiak ere ikus daitezke, Amarako geltokiko irudi zahar baten marrazkia, Vienako unibertsitatea –Juan Mari Arrizabalaga berak ikasi zuen tokia– eta, batez ere, Azkoitiko txokoak. «Goiko Kalekoa, agian, erakusketarako ekarri dudan koadro zaharrena da. Txikitan jolasten nuen kalea da. 1993. urtean egin nuen», azaldu du.
Lanik ezberdinenak kezko irudiak dira. «Argazki bitxi batzuk ikusi nituen interneten. Ilunpean zigarro bat piztuta, argia pasatzen uzten zuten moduluak sortuz. Ondoren, modulu horiek landu eta irudi abstraktuak edo semiabstraktuak sortzen dira. Lantzen badituzu, figurak agertzen dira eta askoz gehiago landuta figura dotoreagoak. Nik hiru fasetan egin ditut. Hemen daudenak azken fasekoak dira. Argazkietan kea zuria da eta fondoa beltza, nik hori alderantzikatu dut».
Obra guztien artean, bi panoramika handi nabarmentzen dira, arkitektura garrantzitsuak dituztenak. Horietako bat Donostiari buruzkoa da eta bestea Azkoitiari buruzkoa. Hauek 2019an eta 2022an egindakoak dira, berrienak. Eskulturen eta eraikin garrantzitsuenen nahasketa da. Lehenengoan monumentu hauek ikus daitezke, besteak beste: Miramongo dorrea, Igeldo, Chillidaren Haizearen Orrazia, Miramar jauregia edota Oteizaren Eraikuntza Hutsa. Bigarrenari dagokionez, Etxe Beltza, Balda, Intxausti, Udaletxea, San Martin... ikus daitezke esaterako.
Kasu honetan, azkoitiarrak azaldu duenez, lehendabizi, marraztuko dituen eraikinak aukeratzen ditu, eta argazkiak ateratzen dizkie; ondoren, Photoshop-en nahasten ditu, soberan dagoela uste duena kentzen du edo joan beharko luketela uste duen xehetasunak eransten ditu. «Adibidez, eraikina gustatzen bazait baina ez inguruko paisaia, moldatu egiten dut eta inguru berri bat sortzen dut. Zirriborroa Photoshopean egiten dut, gero inprimatu eta marra garrantzitsuenak kalkatzen ditut, ondoren luma hartu eta marrazkia sortzeko. Konposaketa eta ordena oso garantzitsuak dira niretzat».
Lan guztiak plumillaz eginda badaude ere, monografiko batzuetan arkatza ere erabili du. Aitortzen du ez dakiela zenbat denbora eskaintzen dion marrazki bakoitzari, ez baita bakar bati dedikatzen. «Aspertu egiten naiz beti gauza bera egiten».
Juan Mari Arrizabalagak dio artea bere bizitza dela. «Ez dut bilatzen zer egin kalera irteten naizenean, derrepente datorkit. Artea kaleko arkitekturan aurkitzen dut». Arrizabalagaren arteaz gozatu nahi dutenek Portaleburu erakustokian egin dezakete, ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; edota https://www.karmelaldizkaria.eus/idazleak/arrizabalaga-alberdi-juan-mari.html atarian.