Azkoitia
Jon Plazaolak 'Tu Tum Platz' bakarrizketa saioa eskainiko du larunbat honetanBaztartxo antzokian izango da emanaldia 19:00etan, eta sarrerak aurrez eskura daitezke entradium atariaren bitartez
Jon Plazaolak 'Tu Tum Platz' bakarrizketa saioa eskainiko du larunbatean, Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Txalo Produkzioak eta Lamandangak ekoiztutako lana da eta 70 minutuko iraupena du. Sarrerak eskuragarri daude entradium.com atariaren bitartez, 10 euroren trukean.
Jon Plazaola bere sorlekura, bere sehaskara itzuli da 'Tu-Tum, Platz!' umorezko ikuskizun berriarekin. Taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan berriz ere 'Stand Up' formatuko bakarrizketari heldu dio, hori bai; «23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago», dio lanaren aurrerapenak. «Ordubete izango dugu, umorez betetako kolpez-kolpe baten ondoren ardo ona bezela urteen poderioz hobera egin duen ala ardo txarra bezela ozpindu den jakiteko», aurreratu dute lanaren sinopsian.
Jon Plazaola(Urretxu, 1982) aktorea, umorista, aurkezlea eta gidoilaria da. Estatu mailan ezaguna da Antena 3 kateko 'Allí Abajo' telesaileko Iñaki pertsonaiagatik, eta berriki ikusi dugu zinemetan 'La pequeña Suiza' (Kepa Sojo, 2019) eta 'Villaviciosa de Al Lado' (Nacho G. Velilla, 2016) film luzeetan, eta baita taula gainean ere, 'Mandíbula Afilada' (Carles Alberolak idatzia eta Mario Hernandezek zuzendua) eta 'Losers' (Marta Buchaca, Begoña Bilbaok zuzendua) antzezlanetan.
Otsaileko kultur agenda emanaldi honek zabalduko badu ere, izango da besterik hilabete honetan zehar.
Kultur agenda oparoa
Honela, Udalak antolatutako emanaldien barruan, Go!azen 10.0 bi emanaldi izango dira otsailaren 17an, bata, 16.00etan eta 18.30ean, bestea. Bi emanaldietarako sarrera gutxi batzuk geratzen dira oraindik eta aurrez eskura daitezke entradium.com atarian. Zortzi euro balio du txartel bakoitzak.
Kultur agendarekin jarraituz, otsailean zehar baita ere, inauterien ospakizunez aparte, Bizenta Mogel Literatura Sariak banatuko dira. Hilaren 23an izango da hori.
Horrez gainera, zine emanaldiak ere ez dira faltako Baztartxon. 'Cualquiera menos tú', 'La tierra prometida', 'El correo' eta' Priscilla' filmak ikusi ahal izango dira. Haurrentzako eskaintzaren barruan, 'El arca de Noe', 'Patrick' (euskaraz), 'Katak la pequeña ballena' eta' ¡Corre, Tiger, corre!' daude. Otsailaren 6an, bestalde, izango da zine forum saioa 'The zone of interest' filmarekin.