Pagazpeko pilotariak irabazle Egiako pilota finaletan
Elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketan ere finala jokatuko dute Donostian garaile izan ziren Pagazpeko bi bikoteek
JOSU ARANBERRI
Martes, 8 de noviembre 2016, 00:19
Herriko Pagazpe pilota elkarteko pilotarientzat asteburua bikaina izan da. Azken asteetan Egian jokatu den Juanito Alvarez memorialaren finalak jokatu ziren igandean eta herriko pilota elkarteko pilotariak izan ziren nagusi jubenil nahiz nagusien mailan.
Hodei Exposito astigarragarrak eta Aitor Aranguren aginagarrak garaipen erraza eskuratu zuten jubeniletan. Alberdi zizurkildarra eta Apezetxea goizuetarra izan zituzten aurrez aurre eta 22 eta 9 irabazi zuten Pagazpeko pilotariek.
Nagusien mailan, berriz, Xabi Santxo eta Aitor Gorrotxategi Pagazpeko pilotariak izan ziren garaileak. Partida hasieran Santxok min hartu bazuen ere, norgehiagokan jarraitzeko moduan izan zen eta azkenean 22 eta 16 nagustu ziren Urretabizkaia eta Garmendiaren aurka.
Elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketan ere finala jokatuko dute Donostian garaile izan ziren Pagazpeko 2 bikoteek. Exposito eta Aranguren nagusien 2. mailako finalerako sailkatu ziren pasa den ostiralean herriko pilotalekuan Gaztelekuko Eskudero eta Usandizaga 22-8 mendean hartu ostean.
Finalean Astigarragako Mundarro taldeko Loidi eta Sanchez izango dituzte aurkariak.
Gauza bera lortu zuten ondoren Santxo eta Gorrotxategik Ohorezko mailan. Azpeitiako Ilunpe elkarteko Etxaniz eta Murgiondo izan zituzten aurrez aurre herriko frontoian eta herriko elkarteko pilotariek 22 eta 12 irabazi zuten, finalerako txartela lortuaz.
Errebote finala atzeratua
Bestalde, igandean Amasa-Villabonako errebote plazan zubietarrek jokatzekoa zuten Enrike Abril errebote txapelketako finala bertan behera gelditu zen eguraldi txarraren ondorioz. Datorren igandera arte atzeratua izan da aurtego finala.