SantoTomas, kolorez jantzitako eguna
Ohiko txistorra edo taloaz gain, izan zen bai zer ikusia Azpeitian igandean. Herri kirol saioa Aimar Irigoienen markarekin eta Patxi Azkargortaren oroimenezko finalak jokatu ziren, besteak beste, urteroko azoka egiteaz gain
ELI AIZPURU
Martes, 23 de diciembre 2014, 00:18
Santo Tomas Eguna kolore gorriz izan ohi da azpeitiarren egutegian eta oraingoan are gehiago. Igandea izanda eta egindako eguraldi ederrak jende ugari erakarri baitzuen festara. Azpeitiko Plazak gainezka egin zuen taloa eta txistorra jan edo sagardoa eta ardoa edan nahi zuten guztiekin. Horrez gainera izan zen non ongi pasatua. Azoka Plazan baserritarren produktu eskaintza zabala zegoen eta askok eta askok Gabonetako erosketak egiteko aprobetxatu ahal izan zuten.
Eguerdian, Udaleko arduradunek, urtero legez, udazkenean ospatu diren Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen saria eman zieten aurtengo irabazle Lakrikun taldeko kideei.
Ikuskizunetako bat Izarraitz pilotalekuan izan zen. Bertan Aimar Irigoien errezildarrak Manterola Harriarekin marka hausteko saikera baitzuen. Jende asko gerturatu zen frontoira eta errezildarrak kunplitu ere. 128 aldiz altxatu zuen 150 kiloko zilindro zaharra. Egun Zelai bizkaitarraren esku zegoen marka, 122 altxaldirekin eta sei aldiz gehiagotan jaso zuen Irigoienek.
Patxi Azkargorta Memoriala
Frontoi Txikian, bestalde, Patxi Azkargortaren omenezko gaztetxoen pilota finalak jokatu ziren. Orain arte Santo Tomasetako finalak bezala ezagutu diren partidak irailean hil zen Ilunpeko presidente ohi Patxi Azkargortaren izenean jokatu ziren. Ohikoa zen Patxi Santo Tomasetako gaztetxoen partiduetan eta igandean, somatu zen bere falta. Haren seme-alabek oroigarria jaso zuten Ilunpekoen eskutik, aita gogoratuz.
Bost final jokatu ziren Patxi Azkargorta Memorialaren lehen edizioaren azken jardunaldian. Honakoak izan ziren emaitzak: Benjaminaurrekoak B: Iker Urrestillak 16 - Abel Astigarragak 12. Benjaminaurrekoak A: Xabat Egigurenek 16 - Unai Astigarragak 15. Benjaminak (buruz buru): Beñat Ezamak 16 - Aner Lizasok 3. Benjaminak (binaka): Iker Zabalak eta Iker Otaegik 16 - Iker Urrestillak eta Jokin Bidezabalek 11. Eta alebinen mailan: Lantz Unanuek eta Iker Egigurenek 18 - Enaitz Etxeberriak eta Aratz Buldainek 9.
XIV. Dantza Suelto Txapelketa
Arratsaldean, ikuskizunak jarraitu zuen. Oraingoan, Sanagustinen bildu ziren ehunka pertsona. 18 bikotek hartu zuten parte hamalaugarrenez, Santo Tomas Egunean, Azpeitian jokatzen den Dantza Suelto Txapelketan. Eta saria herrian geratu zen. Jon Ibartzabalek eta Larraitz Larrañagak irabazi zuten Txapelketa. Bigarren postua Azpeitiko beste bikote batentzat izan zen, Gorka Kerejeta eta Ania Irigoien Euskadiko txapeldunentzat, hain zuzen ere; Iker Belintxon eta Maider Aginaga (Lezo) izan ziren hirugarrenak, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga (Bergara) laugarrenak, eta Julen eta Nagore Berrondo (Errezil) bosgarrenak. Julen Murgiondok eta Larraitz Larrañagak gainera, mutil eta neska dantzari onenen sariak jaso zituzten. Bikote gazteenaren saria -11na urte dituzte-, Azkoitiko Eneko Sarasuak eta Azpeitiko June Elorzak jaso zuten.
Dantza ekitaldian ere izan zen omenaldia. Udalak Amets Amubieta eta Maialen Aldalur omendu zituen. Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten urrian azpeitiarrek. Hemendik aurrera udaletxean gordeko den Nestor Basterretxearen eskultura eskuartean zutela taularatu ziren eta alkateari eman zioten.
Luis Alberdi 'Beltza'k antolatu ohi du Azpeitiko Dantza Txapelketa eta bere eta alkatearen oroigarriak jaso zituzten dantzariek, nola ez, dantzan egin baino lehen.
Zozketak
Ilunpek egindako zozketaren zenbaki saritua 2555 da. Bestalde, Itsasi Euskal Kultur Taldeak urtero Santo Tomas egunean egin ohi duen zozketako zenbaki saritua 0456 izan da. Zenbaki honen jabeak hilabeteko epea izango du agertzeko. Horrela izan ezean, ordezko zenbakiak hartuko du balioa, hain zuzen ere 1745ak.Zenbakia duenak dei dezala 635395174 telefonora.