Urnieta
Mendi Tourra gaur arratsaldean iritsiko da Sarobe Arte EszenikoraEl Diario Vasco
URNIETA.
Asteartea, 23 iraila 2025, 20:30
Mendi Tourra, Mendi Film zinemaldiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria, gaur iritsiko da Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunera (19:00). Jada 8. edizioa beteko du bertan. Saiora bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute beste behin, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren iazko edizioan nabarmendu ziren 3 pelikulekin.
Abentura, adrenalina, umore ona eta hausnarketarako gaiak ere badira pelikula horietan: Eskalada Amerikar Estatu Batuetako Red Rock Canyonen, trail runninga Euskal Herriko gailurretan, eta high-line lerro ikusgarri bat Nerbioiko urjauzian erakutsiko dituzte.
'Red Rock Revolution' film laburrak zabalduko du programazioa. Red Rock Canyon eskalada jomuga bezala deskubritu zuen bikotea aurkezten du Jim Aikman zuzendariak: Uriostetarrak, Jorge eta Joanne. Maitemindu, ezkondu, eta Las Vegasera joan ziren, Nevadara. Inguru hura Ipar Amerikako eskaladaren meka bihurtu baino lehenagoko garaiak ziren, 1970eko hamarkadan, gainerako eskalatzaileek Yosemite harana zuten jomuga.
'Peligro No Asomarse' iazko Mendi Filmeko pelikula gustukoenetako bat izan zen. Oreka Tolosa slack-line taldeak Nerbioiko urjauzi gainean ia kilometro beteko high-linea nola muntatu zuen erakusten du Dani Cascales zuzendari andaluziarrak, maisuki eta estilo oso freskoan. Mendi Film Bekari esker landutako pelikula da. Nerbioiko ur-jauzia, 200 metro baino gehiagoko altuera duena, Iberiar penintsulako handiena da. Arroila izugarri bat, Nerbioi ibaiaren sorburutik urrats batera. Oso motibatuta dagoen highliner talde batek baimen baliotsu bat lortu du arroila alde batetik bestera lerro batekin lotzeko. 50 eta 300 metro arteko zintetan ibiltzera ohituta, lehen aldia dute ia kilometro bateko luzeran. Lagun giroa eta lan gogorra islatzen dituen istorio bat. Eta talde sendoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko highline komunitateko kidez osatua.
'Zazpi' Mikel Lizarralderen mendi eta bizi erronka kontatzen duen pelikula da. Esklerosi anizkoitza du, eta mendi erronka bat otu zitzaion bere bizi-gogoa islatzen zuena: Euskal lurralde bakoitzeko gailurrik garaiena igo, mendian lasterka eginez. Euskarazko Film onenaren saria irabazi zuen iaz Mendi Filmen. Bizitza normal bat izan nahi duen optimista burugogor baten erronka eta 300 kilometro pasatxoko bidaia 11 etapatan.