Mendi Tour zirkuituak ostegunean Urnietan
Udazkeneko eskaintza abiatuko da honela. Zinemaldiaren 14. edizioa abenduaren 3tik 12ra egingo da
DV
Osteguna, 23 iraila 2021, 12:03
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko pelikula onenen Mendi Tour zirkuitu ibiltariak udazkeneko egitarauari ekingo dio ostegunean, irailaren 23an, Urnietan (Gipuzkoa). «Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko pelikulek haize freskoa ekarriko dute zinemetako pantaila handietara, eta zinemazaleek helduleku polita izango dute euren pasio eta ametsei bide emanez kalitatezko zinemagintzaz gozatzeko», adierazi dute antolatzaileek.
Pandemiak baldintzatutako urte honetan, Euskal Herriko esparrura mugatuta eta edukierak murriztuta, 24 Mendi Tour saio egin dira, 6.370 ikusle bilduz, hau da, saio bakoitzeko 276 ikusle batez beste.
Araban (Gasteiz, Agurain eta Amurrio), Bizkaian (Bilbo-Santutxu, Leioa, Igorre, Zaldibar, Otxandio eta Mallabia), Gipuzkoan (Donostia, Eskoriatza, Tolosa, Eibar, Hondarribia, Antzuola, Arrasate, Zarautz, Orio eta Azpeitia) eta Nafarroan (Iruñea, Zangoza eta Irurtzun) egin dira aurten Mendi Tour saioak.
Gainera, udan bi Mendi Tour egin dira aire zabalean, bata Izabako anfiteatroan eta bestea Canet d'en Berenguer herriko hondartzan (Valentzia).
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 14. edizioa abenduaren 3tik 12ra egingo da, «eta Mendi Tourraren urte osoko hauspoak indar handia emango dio». Pandemiak, gainera, ez du ondorio murriztailerik izan mendiko zinemagintzaren produkzioan, eta aurten, beste behin, film asko inskribatu dira Mendi Filmen parte hartzeko gogoz, mundu osotik igorritako mendiko filmak. Irailaren 15ean amaitu zen izen-emateko epea, eta bilketa eta ikuskatze lana dagokio orain hautaketaz arduratzen den lantaldeari.
Azarora bitarte, Madril (urriak 4-7), La Aldea de San Nicolás (urriak 7), Teruel (urriak 30), Markina-Xemein (urriak 31), Kanaria Handia (azaroak 4), Elgoibar (azaroak 12) eta Basaurin (azaroak 16) izango da.