Andoain
Andoaingo inauteriak hemen dira, egun hauek kolorez eta jai giroz betetzekoEkitaldiak gaur bertan hasiko dira, Ostegun Gizenaren ospakizunarekin
Beste urte batez, Inauteriak herrira itzuliko dira datozen egunetan. Gaurtik igandera bitarte, askotariko hitzorduak izango dira Andoainen. Jai ekitaldiak ostegun honetan hasiko dira, Ostegun Gizenaren ospakizunarekin. Eguerdiko, 14:30ean, neska-mutil guztiak mozorrotuta joango dira beren ikastetxeetara. 3-7 urteko haurrak ikastetxean geldituko dira, baina 8-12 urteko ikasle guztiak Plaza Morean elkartuko dira. Ondoren, 15:00etatik aurrera, ikasleen kalejira hasiko da Gora Kaletxiki eta Gauerdi txarangekin batera. Ibilbidea, Juan Bautista Errotik, Kaleberrira eta Zumea plazatik, kale Nagusitik, Goikoplazara. Han, 16:00etan, pregoia eta txupinazoa, Udaletxeko balkoitik. Ikasleen ordezkariek hartuko dute hitza. Ondoren, dantza jaia hasiko da.
Osteguneko hitzorduekin jarraitzeko, 16:45etatik aurrera, Udal Musika Eskolako kale festa burutuko da. Parte hartuko dute musika tailerreko, kantu koraleko, eskusoinu eta perkusioko ikasleek. Plaza Moretik kalejiran abiatuko dira Goikoplazaraino. Bertan, dantza eta kantu ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, 18:00etan, Gora Bihotzak dantza-festa izango da haurrentzat, Eidabe taldearekin. Eta 18:30ean, Olagain txistulari taldearen kalejira, Zumea plazatik abiatuta Goikoplazaraino. Arratsaldeko zazpietan, Udal Musika Eskolako abesbatzaren kalehjirarekin amaituko da eguna. Plaza Moretik abiatuta Zumea plazaraino.
Ostiralean, berriz, 17:00etan, Andoaingo Lebiton buruhandi eta erraldoien konpartsa aterako da kalera, Bastero kulturgunetik Zumea plazara. Ordu horretan ere, Ostiral Mehea ospatuko da ludotekan, mozorro lehiaketa, karaokea eta sorpresekin. Bestalde, 17:30etan, Gizarte Zerbitzuetako Ambrosia Olabide egoitzan, Inauteritako bingo berezia egingo dute. Gainera, 19:00etan, 'Mërøgråd' ikuskizuna, Brincadeira taldearen kalejira, Zumea plazatik Goikoplazaraino iritsiko da. Eta amaitzeko, 21:30etatik 1:30etara, Olgetan taldearen kontzertua Goikoplazan.
Asteburuan
Ekitaldi koloretsuak asteburuan izango dute jarraipena. Larunbatean, 11:00etan, mozorroak eta konpartsak kalez kale ibiliko dira herrian zehar. Arratsaldean berriz, 17:00etan, urteroko Inauteri Desfileari hasiera emango diete Gora Kaletxiki txarangarekin batera. Ibilbidea, Txitibar plazatik Goikoplazaraino. Desfilearen ondoren, konpartsak herrian zehar ibiliko dira gaueko 22:30ak arte. Ondoren, disko festa Nemux dj-arekin, Goikoplazan.
Eta Inauteriei amaiera emateko, igandean, martxoak 2, eguerdiko 12:00etatik aurrera, mozorroak eta konpartsak kalez kale ibiliko dira herrian zehar. Eguerdian, Inauterietako bazkaria Goikoplazan. «Bakoitzak bere bazkaria ekarri beharko du eta edaria jai-batzordeak jarriko du. Lekua eta txartelak aldez aurretik hartu behar dira Bastero kulturgunean», adierazi dute antolatzaileek.
Igande arrantsaldean, 17:30ean, Zo-Zongó!! taldearen 'Kolpez blai!' ikuskizuna burutuko da Zumea plazatik Goikoplazara. Eta 19:30ean, sardinaren segizioa, Goikoplazatik irtengo da Joselontxos txarangarekin. «Parte hartzen duten guztiak lutoz jantzita eta kandela eskuan dutela joango dira, Goikoplazatik, kale Nagusia, Zumea plaza, eta handik bueltan Goikoplazaraino», azaldu dute arduradunek. Aurtengo Inauterietako ekitaldi guztiak 20:30ean bukatuko dira Goikoplazan, sardinaren ehozketarekin.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.