Andoain
Andoaingo Guduari buruzko ibilaldi gidatua larunbatean egingo duteGoikoplazan emango zaio hasiera, 10:30ean, baina ordu pare batez kale eta txokoetan barrena ibiliko dira
Asteburuan, irailaren 14an, igandearekin, Andoaingo gudua gertatu zeneko 188. urteurrena beteko da. Horren harira, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, aurreko bi urteetan egin zen bezalaxe, larunbatean, hilak 13, guduari buruzko ibilaldi gidatua antolatu du (harrera@larramendibazkuna.eus).
Egitasmoa Jon Unanuek zuzenduko du eta goizeko 10:30ean hasiko da, ordu pare batez Andoaingo kale eta txokoetan barrena ibiliz herrian izan den gertakari historiko larrienetakoaren berri emateko. Hasiera Goikoplazan emango zaio, elizaren eskaileretan eta, amaiera, Otietako Unanibiko zubian, bertan emango baitie Unanuek amaiera bere azalpenei han izan ziren borroken berri emanez. Beraz, ibilaldia hauxe izango da: Goikoplaza (eliza), Plaza Morea, Juanita Alkain plazatxoa, kale Nagusia, Gurutze Santua, Bekoplaza, Lizarkolako ubidea eta Otieta (Unanibiko zubia).
«Aurten 188 urte beteko dira; 1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo gudua, lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O'Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren. Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O'Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak. Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia izan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako. Izan ere, soldadu karlistekin batera herritarrak izan ziren gogorren jo zutenak gudaroste liberalaren aurka, mendekua eskatuz 'ez da kuartelik su ematen dutenentzat' oihuaren oihartzunaz», diote Manuel Larramendi Kultur Bazkunetik.
Horri guztiari buruzko azalpenak entzun eta gertakariak izan ziren lekuak ikusi ahal izango dituzte partaideek larunbatean.