Irun
«Nahiz eta emanaldia hobeto edo okerrago atera, sentimendua musikaren gainetik dago»Sorotan Beleko hainbat kidek eta Irungo Hiria Musika Bandak kontzertua eskainiko dute ostiralean San Juan plazan, 23:00etan
Sorotan Bele taldeak Amaia antzokian eman zuen bere ibilbide motz baina oparoaren azken kontzertua, 1996ko azaroaren 30ean. Lau urtean hiru disko besterik ez zituen kaleratu, baina hondarribiarrek sortutako kantak euskal kulturaren parte bilakatu dira dagoeneko.
Gorka Sarriegi abeslariak behin baino gehiagotan errepikatu duen moduan, «Sorotan Bele ez da bueltatu». Hala ere, irundarrek ostiralean izango dute aukera taldearen abestiekin berriz kantatzeko Sorotan Bele Gogoan ikuskizunari esker. Hain zuzen, taldeko hainbat kidek eta Irun Hiria Musika Bandak kontzertua eskainiko dute 23:00etan, San Juan plazan.
Azken kontzertua eman zutenetik ia 30 urte igaro diren arren, Irungoa plaza «berezia» izaten jarraitzen du hondarribiarrentzat. 2023an Amaia KZn egindako emanaldi bikoitzean batu ziren Ritxi Salaberria (baxua) eta Aitor Etxaniz (bateria) Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak (gitarra) abiatutako egitasmora. Xabi Zabala zuzendariaren ideia izan zen, taldearen 30. urteurrena aprobetxatuta.
«Bidasoa inguruan jotzen dugunean ezagun asko etortzen dira, 2023ko kontzertuetan giro ederra arnasten zen», gogoratzen du Artolak. Etxanizek ere, Irunen jotzen duten bakoitzean «familia artean» daudela dio: «Gure bigarren etxea da, Hondarribiaren ondoren, noski».
Sorotan Beleko kideak 2021etik daramate udal bandekin jotzen. Dagoeneko 30 kontzertutik gora eman dituzten arren, emanaldi bakoitzarekin gozatzen jarraitzen dute . «Bandak indar handia ematen dio musikalki, asko errazten digu dena. Kriston oinarria jartzen dute eta abestiak bakarrik doaz», adierazten du Sarriegik.
Abeslariaren hitzetan, Irun Hiria banda «oso trebea» da eta aurreko bi emanaldietan «oso gustura» aritu ziren. Ostiraleko kontzertuan, batez ere, lehenengo diskoko abestiak joko dituztela aurreratu du Salaberriak, baita «asko maite ditugun kanta pare bat» ere.
«Opari bat»
Proiektuarekin emandako kontzertuetara Sorotan Beleko garaiko entzuleak hurbildu direla nabarmendu du Artolak, baita taldea zuzenean ikustera iritsi ez zirenak ere. Sarriegiri, aldiz, «oso deigarria» egin zaio gazteek haien musika ezagutzen dutela ikustea: «Sinesgaitza eta harrigarria da guretzat adin desberdineko hainbat pertsona gurekin abestea».
Hain zuzen, abeslariak uste du «sentimenduak oso nahastuta daudela» taldearen kantak berriro jendaurrean jotzerakoan, «bai publikoaren aldetik eta baita gure aldetik ere». «Nahiz eta emanaldia hobeto edo okerrago atera, une horietan sentimendua musikaren gainetik dago oraindik», nabarmentzen du Sarriegik. Ildo berean, Etxanizentzat «opari bat» da taldekide ohiekin taula-gainean edo beste edonon egotea.