Euskaraldiko txapak azaroaren 12tik aurrera jaso ahal izango dira

1.000 irundarrek baino gehiagok izena eman dute dagoeneko, baina %80k Ahobizi bezala eta Udalak euskara ulertzen dutenei Belarriprest-en funtzioa funtsezkoa dela gogoratu nahi izan die

M.A.I. IRUN.

Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten irundar guztiek Ahobizi edo Belarriprest txapak jaso ahal izango dituzte azaroaren 12tik aurrera, hilaren 22ra arte. Irungo Udal Euskaltegian (Urdanibia plaza, 5) banatuko dira txapak, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00tara eta 16:00etatik 20:00etara. Asteburuan, azaroaren 17an eta 18an, San Juan plazan jaso ahal izango dira txapak egun osoan zehar.

Bertan izena emateko eta txapa jasotzeko aukera ere egongo da. Dena den, izen-ematea internet bidez egin daiteke izenematea.euskaraldia.eus web gunean. Paperean egiteko aukera ere badago HAZ/SAC bulegoan entregatu behar diren izen-emate orrietan.

Dagoeneko 1.000 izen-emateak gainditu ditu Irunek. Desoreka dago, hala ere, rolen artean, %80 Ahobiziak baitira. Euskara uler-tzeko gai den irundar orori gonbidapena luzatu nahi dio Irungo Udalak, Belarriprestaren funtzioa ere funtsezkoa dela azpimarratuz.

Euskaraldiak euskararen erabilera areagotzea helburu izango du. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu beharko dute 16 urtetik gorakoek. Ahobiziak ulertzen duen orori euskaraz egingo dio. Ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die. Belarriprestak, harekin euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen du, ulertzen baitu. Euskaraz edo erdaraz erantzun ahal izango du, baina euskaraz egin diezaioten nahiko du. Azaroaren 7an (asteazkena, 18:30ean) eta 10ean (larunbata, 10:30ean) bina formazio saio egongo dira, Ahobizi eta Belarriprest roletan sakontzeko, Palmera Montero gunean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos