Hondarribia
47.600 euro banatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko dirulaguntzetanLehen aldiz euskara ikasten dutenek %100eko laguntza jaso ahalko dute
Euskara saileko dirulaguntzen ordenantza berritu egin da, 2020an onartutako bost lerroetatik hirutan aldaketak eginez eta lerro berri bat sartuz. Guztira 47.600 euros bideratuko dira dirulaguntzetara, joan den urtean baino 10.000 gehiago.
Zehetasunak Garoa Lekuona Euskara zinegotziak eta Ander Moron, Euskara Saileko buruak eman dituzte, bai eta gogoratu ere dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 15a arte luzatuko dela Informazio guztia Euskara saileko Tramiteak eta Dirulaguntzak atalean eskura jarri dira eta Haizea Lekuonak diseinatutako eskuorri batzu argitaratu eta herrian zehar banatu.
Garoa Lekuonak aipatu du «euskara biziberritu eta hizkuntzaren transmisioa gerta dadin gazte, nerabe eta haurrek euskara jaso eta euskaraz bizitzeko aukera izatea berebizikoa denez, eskola-eremuaz gain beste hamaika esparrutan eragin beharra dagoela, eta, gako direla aisialdia edota kirola».
Hori dela eta, «zuzendari edo entrenatzaile ari direnak euskaraz presta daitezen dirulaguntza lerro berri bat sortu dugu, 'Hezi euskaraz' izenburuarekin». Aisialdiko begirale edo zuzendari izateko ikastaroa 2025ean bukatu eta euskara hutsean egin dutenak eta baita ere Kirol entrenatzaile izateko ikastaroa euskaraz egin dutenak, matrikula-gastuaren %50 ordainduko die Udalak, gehienez, kopuru horrek 250 euroko langa gaindituko ez duelarik.
Aurreko deialdietan finkaturik zeuden lerroetan hainbat aldaketa sartu dira. Orain, lehen aldiz euskaraz ikastea doakoa izango da. Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten 16 urtetik gorako herritarrentzat, baita autoikaskuntza ikastaroak, barnetegietan ikastaroak edo unibertsitateek udan euskaraz euskal kulturari buruz antolatutako ikastaroak egin dituzten herritarrentzat dirulaguntzak dira. Eskatzaile bakoitzari matrikula-gastuen %100 ordainduko die Udalak (lehen % 75a zen), beti ere ikasleak % 80tik gorako aprobetxamendua eta asistentzia izan duela ziurtatzean. Ekarpena ez da 600 € baino gehiagokoa izango eskatzaileko. 2024 urtean 78 hondarribitarrek jaso zuten dirulaguntza hau.
Bestalde, lehen komertzioetako errotulazioa euskaraz jartzea babesten zen moduan, orain lanerako ibilgailuak dirulaguntza -lerro honen barnean txertatzen dira.
Aldaketak ordenantzan
Webguneen atalean, irizpideetan aldaketak egin dira: euskara hutsean badago %100eko dirulaguntza (gehienez 500 euro); euskaraz gain beste hizkuntza batzuetan eskuragarri jartzen den webguneari, euskarazko aukera lehenesten bada % 50eko dirulaguntza (300 euroko muga) eta euskara lehenesten ez bada, %25ekoa (gehienez 150 euro). Era berean, '.eus' domeinua erosteagatik haren urtebeteko lizentziari dagokiona emango zaio laguntza bidez, lehenengo urtean soilik.
Azkenik, garoa Lekuonak esan du «ikusi eta ikasitakoak eta gero, ez dugula baztertzen legealdi honetan bertan ordenantzan bestelako aldaketaren bat gehiago ere burutzea, argi dugulako herri mailako euskararen presentzian eta erabileran eragiteko behar adina moldaketa egin beharko dizkiogula ordenantzari».