Mutrikuko Bertso Eskolak ere hasi du ikasturte berria

Udaberrian eskaini zuten bertso trama aspaldiko ekintzarik arrakastatsuena izan zen. /
Udaberrian eskaini zuten bertso trama aspaldiko ekintzarik arrakastatsuena izan zen.

Hiru gazte hurbildu zaizkie jadanik Luardo Etxean egiten dituzten saioetara

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Modesto eta Roman Maiz 'Okelar' anaiek edo eta Jon Azpillagak osatzen dute beste hainbatekin batera Mutrikuko bertsolarien zerrenda, baina haiek ereindako haziak badu fruiturik, eta ondorioz Mutrikuko Bertso Eskolak ere hasi du ikasturte berria.

Helduak 9-12 lagun biltzen dira, baina aurtengoan ahalegin berezi bat egin nahi dute gaztetxoekin, eta hasieran behintzat pozik daude, hiru gazte gutxienik batu bai zaizkie saio praktikoetara. Gaztetxoekin ostiraletan biltzen dira Luardo etxean 18:00etatik 19:00etara eta helduak 19:00etatik aurrera aritzen dira. Urteko zitarik garrantzitsuena Santeskea izaten dute, koplak kantatu behar izaten bai dira ekimen horretan, bi erriman errenditzen dutelarik kopla. Azkenaldian ordea urrats garrantzitsuak eman dituzte; besteak beste Goizeko Izarra ikastola sortu zeneko ekimenen artean eskaini zuten bertso trama arrakastatsua.

Gauzak horrela, 9 urtetik gorako haurrei luzatzen zaie deia eskolara hurbil daitezen; eskola baino gehiago, saio praktikoa izango dute, erriman ikasiko dute eta bereziki giroa izango dute apartekoa. Bertso Eskolakoekin harremanetan sartzeko, nahikoa dute 678074110 telefonora deitzea, edo eta bihar aipatutako orduan Luardo etxera azaltzea.

Plaza guztiak beteta

Atzo goizeko 11:00etan hasi ziren 'Anaiarte' elkartekoak hurrengo urriaren 23an Donibane Lohitzun, Ziburu edo eta Sokoara burutuko duten bidaiarako izenak hartzen. Hamar minututan plaza guztiak osatu zituzten, guztira 70 jubilatu apuntatu zirelarik. Autobusik handiena hartu dute bidaia burutzeko, eta momentuz ez dute besterik kontratatuko, baina arrakasta ikusirik, agian zerbait pentsatu beharra daukate hurrengorako. Gogoratu 'Anaiarte' elkarteak gaur egun 730 bazkide dituela.