Mutriku
Oroimen Astearen baitan antolatutako 'Emakumeak 1931-1939' erakusketa, hilaren 30era arte ikusgai Zabiel kultur etxeanHistoria gustoko duten guztiek Mutrikuko Oroimen Astearen baitan antolatutako 'Emakumeak 1931-1939' erakusketa ikus dezakete, hilaren 30era arte, Zabiel kultur etxean (astegunetan 17:00etatik 19:00etara arte bisita daiteke eta asteburuan, berriz, 12:00etatik 14:00etara arte).
Zabielen irekitako erakusketa honetan emakumeak protagonista dituzten hainbat argazki daude, horietako asko argitaratu gabeak edo gutxi ezagutzen direnak.
Irudi horien bidez, erakusketaren proiektua gauzatu duen Larrabetzu Oroimena taldea «emakumeak protagonista nagusi izan ziren garai historiko baten memoriaren zati bat bisualki berreraikitzen» saiatu da, «modu zatikatuan bada ere».
Edonola ere, Mutrikun jarritako argazkien bitartez, monarkiaren abolizioak eta II. Errepublikaren aldarrikapenak emakumeei ireki zizkieten askatasun guneak ikus daitezke: boto eskubidea, Dibortzioaren legea, ordura arte gizonezkoentzat ziren lanbide eta kargu publikoetarako sarbidea....
Era berean, erakusketan ikusten da nola Gerra Zibilaren garaileek errepublikaren garaian lortutako aurrerapenak baliogabetu zituzten, eta nola diktadura frankistak berriro ama eta emazte sakrifikatu rola betetzera behartu zituen emakumeak.