Borrar
Leire Barriuso, Ainhize Azpiazu, Ainhoa Erkizia eta Marta Amonarriz atzo Nautilusen egindako aurkezpenean. DV
Geoparkeak 'Flyscha haurrekin' proposamen berria gehitu dio urteko bisiten programari

Mutriku

Geoparkeak 'Flyscha haurrekin' proposamen berria gehitu dio urteko bisiten programari

Familiei zuzendutako eskaintza berriaz gain, Euskal Kostaldeko Geoparkean murgiltzeko 14 bisita gidatu desberdin izango dira aukeran

Jabi Leon

mutriku.

Martes, 18 de marzo 2025

Euskal Kostaldeko Geoparkeak «lurraldearen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutzera emateko» prestatu duen bisita gidatuen programa berria aurkeztu zuen atzo Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan.

Aurkezpen ekitaldian Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak, Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkateak, Marta Amonarriz Mutrikuko Turismo teknikariak eta Ainhoa Erkizia 'Flyscha haurrekin' bisita berria zuzenduko duen gidarietako batek hartu zuten parte.

Hemendik aurrera eta Aste Santuko oporren atarian, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu «ia egunero».

Urte bukaera arte, ohiko bisita gidatuez eta norbere kabuz egiteko moduko ibilbideez gain, Geoparkeak berritasun bat eskainiko du: 'Flyscha haurrekin' bisita.

Geoparkeko ordezkariek atzoko agerraldian jakinarazi zutenez, ekintza berri hori «4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago». Bisitak bi ordu eta erdiko iraupena eta bi zati ezberdin izango ditu: «mineralak eta flyscheko fosilak ezagutzeko tailerra eta itsas-zeharkaldia».

Urria amaiera bitartera, 'Flyscha haurrekin' bisita berria larunbat arratsaldero eskainiko da, eta uda sasoian, berriz, astean birritan.

Geoparkeko denboraldi berri honetarako prestatutako bisita horretan, etxeko txikienek mineralak eta fosilak ezagutzeko hainbat jolas eta eskulan egingo dituzte, ordubete inguruz, eta Mutrikuko amonite erraldoien sekretuak ezagutzen aritu ondoren, itsasontziz zeharkaldia egitera abiatuko dira: «Flysch beltzaren labar ikusgarriak itsasontzitik eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartza ederraren artean dagoen gunean».

Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkateak azaldu zuenez, bisita berria bertako ondarea gizarteratzen jarraitzeko Udalaren apustua da. Bere hitzetan, «Jesus Mari Narvaez eta Esperanza Azkarragaren lana aitortu beharrean gaude beste behin, euren nahiari esker zabaldu baitzen Nautilus Ikasgune Geologikoa 2007an». Orain dela lau urte, espazio horren eskaintza indartzeko, Udalak gela didaktiko berria sortu zuen, Narvaeztarren bilduma guztia herrian bateratuaz. «Ondorioz, gure ondarearen transmisioan eragin ahal izan dugu Hezkuntzaren eta Turismo jasangarri baten bidez», azpimarratu zuen Azpiazuk berak.

Jarraian, Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak hartu zuen hitza: «Benetan eskertzekoa da bisita berri honen bitartez Geoparkearen alderik ezezagunetako bat familien eskura jartzeko Mutrikuko Udalak egin duen apustu sendoa». Zentzu horretan, Geoparkea osatzen duten Deba, Mutriku eta Zumaia udalerrietako bisiten arteko oreka aurkitzea eta kalitatean eragiten jarraitzea da Geoparkearen aurtengo erronka.

Finean, «kanpotik etorritako zein bertako bisitariei lurraldeak dituen altxorrak erakustea da helburu nagusia», nabarmendu zuen.

Edonola ere, Geoparkean, guztira, 15 bisita gidatu desberdin daude aukeran eta urtean zehar milatik gora bisita eskainiko dira.

Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio gidak daude eskuragarri, ingelesez, frantsesez eta alemanez.

Proposamen ezberdinei buruzko informazioa eskuratu edo erreserbak egin nahi duenak geoparkea.eus web gunera jo dezake.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Geoparkeak 'Flyscha haurrekin' proposamen berria gehitu dio urteko bisiten programari