Debabarrena
Debabarreneko udalek begirale titulu ofiziala ateratzeko ikastaro propioa eskainiko dute berriroTalde bat osatuta, bigarrena osatzeko ahaleginetan ari dira eskualdeko udalak eta interesatuek hilaren 19ra arte eman dezakete izena
Azken urteotan haur eta gaztetxoekin lan egiteko begirale titulua atera nahi zutenek horretarako aukera zuten Euskal Herritik kanpo, adibidez, Burgosen. Kasu horietan bi asteko edo bi asteburuko prestakuntza nahikoa izaten zen epe motzean aisialdirako begirale titulua lortzeko.
Horretaz jabetuta, Debabarreneko Udalek orain dela urte asko elkarlanean antolatu zuten eta arrazoi ezberdinengatik egiteari utzi zioten begirale ikastaroa berreskuratzea erabaki zuten joan den ikasturtean.
Ikastaro horren prestakuntza ez zen bi aste edo bi asteburura mugatu; ikasturte osoko larunbatetan eta hiru asteburutan garatu zen. Gainera, esan beharrik ez dago formakuntza euskaraz eskaini zela.
Ikastaroa amaituta, Debabarreneko 27 lagunek eskuratu zuten Eusko Jaurlaritzak homologatutako 'Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale' titulu ofiziala. Horretarako, 150 orduko atal teorikoa eta 160 orduko atal praktikoa gainditu behar izan zituzten.
Arrakasta hori ikusita, eskualdeko Udalek aisialdirako begirale titulu ofiziala ateratzeko ikastaroa eskainiko dute, berriro ere, hastear dagoen ikasturte berrian.
Dagoeneko, talde bat osatu da eta bigarrenerako ere interesa agertu dutenak badira. Beraz, bigarren talde hori osatzeko ahaleginetan ari dira udalak.
Izena emateko epea, irekita
2025/2026 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak homologatutako 'Haur eta gazteen aisialdirako begirale' titulu ofiziala atera nahi duten Debabarreneko bizilagunek irailaren 19ra arte eman dezakete parte hartzeko izena Interneteko labur.eus/debabarrenabegirale loturaren bitartez.
Eskualdeko Udalek antolatutako ikastaroa euskaraz izango da, eta parte hartu ahal izateko ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2026ko ekainaren 30erako.
Ikastaroaren atal teorikoa (150 ordu) era praktikoan gauzatuko da, urritik 2026ko maiatzera bitartean eta bederatzi larunbatetan, hain zuzen ere. Ikastaroan, gainera, asteburu osoko hiru egonaldi egingo dira La Arboledako aterpetxean. Atal praktikoari dagokionez «boluntario gisa bete beharreko 160 aisialdi-ordu izango dira».
Larunbatetako saioak 9:30etik 18:30era bitartean egingo dira, eskualdeko bi herritan (izen-ematearen arabera).
Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa da baina Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik, 150 euro.
Informazio gehiago nahi duenak eibarrenakebai@gmail.com helbidera idatzi edo 943 708 426 telefono zenbakira dei egin dezake.