Bertsopaper lehiaketako sariak banatu dira

Saridunak. Sari banaketa ekitaldia izan zen pasa den astelehenean, Zelai Arizti aretoan. / UZ BERTSO ESKOLA
Saridunak. Sari banaketa ekitaldia izan zen pasa den astelehenean, Zelai Arizti aretoan. / UZ BERTSO ESKOLA

Zumarraga eta Urretxuko eskoletako haurrek hartu dute parte, maila ezberdinetan banaturik

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMARRAGA.

Zumarraga eta Urretxuko eskolen arteko XXXII. bertsopaper lehiaketako sari banaketa ekitaldia izan zen pasa den astelehenean, Zelai Arizti aretoan. Lehiaketa honetan herriko eskoletako haurrek hartu dute parte, maila ezberdinetan banaturik. Ohi bezala, lan ugari jaso ditu epaimahaiak eta «azken urteetako bideari eutsiz, maila oso altua egon da eta ez da erraza izan sariak nori eman erabakitzea», diote antolatzaileek. Horren adibide, sari nagusiez gain aipamen berezi ugari banatu izana, inoiz baino gehiago gainera, aurtengo edizioan.

Herriko bertsopaper lehiaketa honek ibilbide luzea du dagoeneko: aurtengoa XXXII. edizioa izan da. Betiko egiturari segiz, hiru maila ezberdinetan banatu da lehiaketa. A mailan LH 5. Eta 6. mailetako haurrek hartu dute parte eta jarritako gai bati bi bertso edo lau kopla idatzi behar izan dizkiote lehiakideek. Gaiak honela zioen: 'Urretxu-Zumarragan bizi den arranoa zara, herria asko aldatu da'. Maila honetan Oier Agirrezabal Pavon izan da irabazle. Bigarren saria Irene Ibarzabal Pozuetak irabazi du eta hirugarrena Maren Elgarresta Etxanizek. Maila honetan lan ugari jaso direnez (289 guztira) eta «maila oso onekoak horietako asko», epaimahaiak 17 aipamen berezi ere banatu ditu.

B mailan (DBH 1 eta 2), parte hartzaileek bi bertso idatzi behar izan dituzte ondorengo gaiari erantzunez: 'Zure lagunei pentsatzen duzuna esatea erabaki duzu'. Maila honetan irabazle Aintziñe Maroto Mendizabalen lana izan da. Bigarren saria Ibai Badiola Intxaustik irabazi du eta hirugarrena Garazi Mendez Basabek. Maila honetan ere, 161 lan jaso direnez, aipamen bereziak banatu ziren, zehazki zazpi.

Maila nagusiari dagokionez (DBH 3 eta 4), bost lan jaso dira, «maila onekoak bostak ere». Gaia librea zuten lehiakideek maila nagusian, eta Malen Badiola Intxaustiren lana izan da irabazle, «emakumezkoen futbolaren inguruko bertso sorta ederra aurkeztu ostean». Horrez gain, epaimahaiak 4 aipamen berezi banatu ditu, ondorengo egileentzat: Brandy Peñagarikano Rijo, Iune Gurrutxaga Matilla, Izaro Tores Lopez eta Maren Etxeberria Altzelai.

Sari banaketan bertso eskolako kideek hartu zuten parte eta Zumarragako eta Urretxuko alkateak ere egon ziren, Mikel Serrano eta Jon Luqui, hurrenez-hurren. Saridunek beren bertsoak kantatu zituzten eta eskoletako haurrek goraino bete zuten Zelai-Arizti aretoa, euren jardunaz gozatzeko.