Urretxu
Goierri Serinoskiko infantil neskek gogoz eta konpromiso handiz eutsi diote denboraldiariIgandean garaipen dotorea lortu zuten Aldirin Donostiako Bera Bera taldearen aurka (60-43)
Goierri Serinoski saskibaloi taldeak garaipen polita lortu zuen igandean etxean. Infantil neskek Donostiako Bera Bera taldearen bisita jaso zuten Aldirin. «Norgehiagoka oso ondo hasi zuten, defentsan ondo arituz eta kontraerasoan saskiratze dexente lortuz. Lehen bi laurdenetan jaun eta jabe izan ziren eta horrek atsedenaldira abantaila handiarekin iristea ahalbidetu zien, markagailuan 41-15 dotorea alde zutela», azaltzen dute taldeko arduradunek.
«Aldageletatik bueltan, partida gehiago estutu zuten eta donostiarrek erasoan izan zuten eraginkortasunari esker, abantaila murriztea lortu zuten. Hala ere, 40 minuturen ostean, garaipena etxean geratu zen merezimendu osoz, 60-43 emaitza itzelarekin. Goierriko neskek gogo eta konpromezu handia erakusten ari dira denboraldi honetan», balioan jartzen dute. «Baina lanean gogor jarraitu beharko dute bolada onak jarrai dezan. Aupa Goierri!», animatzen dituzte.