Ulmaren euskara planaren 20 urteak ospatzeko egun berezia antolatu dute Arantzazun
Ulmako langileek elkarrekin osatutako 'Kontrapas' abestiaren collage musikatua aurkeztu dute 'Euskararen Egunean' eta Eñaut Elorrietaren kontzertu batekin eman diote amaiera ekitaldiari
Euskaren egun berezia ospatu dute gaur Ulman. Aurten, abenduaren 3a baliatu nahi izan dute azken 20 urte hauetan Ulman euskarari bere lekua emateko egin denaz, lortu denaz, bidean gelditu denaz eta datorren 20 urteetan egin nahi eta behar denaz hitz egiteko eta hausnartzeko tartea izango da gaurkoa.
Ekitaldia goizeko 11etan abiatu da Gandiaga Topagunean eta bertara gerturatu dira Ulmako 80 langile baino gehiago, eta beraiekin izan dira Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Iñaki Olalde Oñatiko Udaleko kultura zinegotzia eta Amaia Balda Koordinatzaile Nagusia. Amaia Txintxurreta kazetariak izan du emanaldia zuzentzeko ardura eta berarekin batera Ibon Calvo Ulmako Lehendakaria aritu da euskara planaren iraganaz, gaurkoaz eta datorrenaz.
Hogei urteko ibilbideak eman duena laburbiltzeko, euskara plana martxan denetik Ulmak izan dituen azken sei lehendakariek lortutakoa eta egindako lan guztiari jarri diote azpimarra tan guzti horrek emandako aleak xehetu dituzte.
Euskararen erabilera Ulman
2008an, euskaraz ulertzen zutenak %84a ziren Ulman; 2023an, aldiz, %95ak ulertzen zuen. Ahozko erabilerari dagokionez, berriz, 2008an %52koa zen, eta, iaz 10 puntu gehiagokoa (%62koa). 2004an, batzar informatiboen %4a soilik egiten zen euskaraz, eta, aurten, bilera horien %40a egin da euskaraz. Batzar Nagusiei dagokionez, berriz, duela 20 urte, hitz egiten zenaren %7 egiten zen euskaraz; eta, aurtengoetan %76a egin da euskaraz.
Are gehiago, aurten Ulma taldeak 'Bai Euskarari' saria jaso du Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eta euskara sustatzeko egindako lanagatik.
Iraganari eta gaur egungoari begiratu ostean, arreta etorkizunean jarri dute. Ibon Calvok eta Ulma Taldeko pertsonen saileko buru Joseba Martinezek 2024-2026 ekintza planaren punturik garrantzitsuenak azaldu dituzte eta bertaratutako guztiei ariketatxo bat egitea proposatu diete etorkizunean nola imajinatzen duten euskararen egoera Ulman.
'Kontrapas', euskararen aldeko collage kolektiboa
Euskararen eguna aprobetxatu dute baita ere, Kontrapas proiektua aurkezteko. Ikusentzunezko lan honetan, Ulmako 280 langile baino gehiago biltzea lortu dute, elkarrekin eta modu birtualean Xabier Letek ezagun egin zuen Bernart Etxepareren 'Kontrapas' abestia abesteko. Proiektuaren helburua Ulmako barne-loturak sendotzea eta euskararen sustapenarekiko dugun konpromisoa erakustea izan da.
Egunari amaiera emateko Eñaut Elorrieta abeslariak emanaldi bat eskaini du eta ostean bertaratutakoek jan-edanaren bueltan Euskaren Eguna ospatzen jarraitzeko aukera izan zuten.