Kolektorea Ariztiberritik Burubikora luzatzeko obrak astelehenean hasiko dira
Bost hilabeteko epea dute lanek eta errepidean mozketak izango dira tarteka bitarte horretan
Antzuolatik Bergarara kolektorea luzatzeko proiektua onartu zuen URAk duela hilabete batzuk eta, Udalak azaldu duenez, astelehenean hasiko dira lanak. Ariztiberritik Burubikorako zatia hartuko du lehen faseak. Bost hilabeteko epea dute gutxi gorabehera eta lanek dirauten bitartean Bergarara bitarteko errepideko trafikoan eragina izango du. Tarteka bi bideetako bat moztu egin beharko dute. Zubieder enpresak burutuko du obra. Aurreikusitakoaren arabera, 605.000 euroko kostua du.
Ur zikinak errekara joan ordez Mekolaldeko araztegira bidera-tzea da proiektuaren helburua. Horretarako Bergarako kolektorearekin lotu behar da Antzuolakoa. Ariztiberritik Burubikora 200 metro inguru daude eta behin hori bukatutakoan, beste zati bat autobiako obrekin bukatu zenez, Lapurzubitik San Antoniorakoa geratuko litzateke konexioa osatzeko.
Herriko jaien hasiera
Egitarau zabala prestatu dute gaur jaien lehen egunerako. Hontzaren jaitsierarekin bukatuko da gauerdian, baina ordura arteko ekitaldi zerrenda luzea da eta umeen protagonismoa dute: 12:30ean, umeen ikuskizuna Herriko plazan; 13:30ean, umeen bazkaria; 18:00etan, buruhandiak eta erraldoiak; 19:00etan, txosnen irekiera; 19:00etan, txistulari eta trikitilarien kalejira; 19:45ean, jaioberriei eta nagusienei zapia jartzea; 20:00etan, ikurrin dantza; 20:30ean, kon-tzertuak Klak!son eta Lemakekin; 21:30ean, kantu afaria, eta gauerdian, hontzaren jaitsiera.