«XVI. gizalditik gaur arteko hainbat dokumentu ikusiko ditugu udal artxiboan»
Iñigo Ramirez de Okarizek eta Lourdes Odriozolak gidatuko dute gaurko bisita
Antzuolako mairuaren alardeari buruzko ikerketa historikoa egina duen Lourdes Odriozola Oyarbide errenteriarrak eta Iñigo Ramirez de Okarizek, historialariak biak, gidatuko dute Landatxope jubilatuen elkarteak antolatuta gaur udal artxibora egingo den bisita gidatua. Arratsaldeko lau eta erdietan hasiko da.
«Herriko altxor ezkutua da udal artxiboa», dio Ramirez de Okarizek. «Herritik kanpora ere badaude Antzuolari buruzko dokumentu asko, Tolosan eta Oñatin batez ere, baina Udalak sortutako hainbat agiri, gehienak administratiboak, artxibo honetan gorde dira. Aberatsa da».
Iñigo Ramirez de Okarizek agertu duenez, «Antzuolak izan duen eboluzioa ezagutzeko aproposa da. Hirigintzako aldaketa denak paper hauetan jaso dira. Dokumentu zaharrena XVI. mendekoa da, Alardeari buruzkoa. Hiri-gutuna ere bertan dago eta XVII. gizalditik gaur arteko akta eta akordio ia guztiak jaso dira. Kontuan hartu behar da 1629an sortu zela Antzuola herri bezala».
Hutsuneren bat ere bada. «Gerra Zibil garaiko zenbait agiri desagertu dira. Bestelakoak ondo gordeta daude».
Aipatu behar da, bestalde, akta liburu guztiak Euskadiko Artxibo Historikora, Bilbora, eraman direla digitalizatzera. Behin lan hori bukatuta, ordenagailu bidez ere begiratu ahal izango dira.