Futbol talde infantilak aurrera egin du Kopan eta kadetea ez da finalean izango
Final-laurdenetarako sailkatu dira gazteenak eta Soraluze izango dute zain domekan Ezozian
Antzuola Kirol Elkarteak asteburu gazi-gozoa izan du Kopan. Infantilek final-zortzirenetarako txartela eskuratu zuten zapatuan Donostiako Arrupe Chaminade taldeari 2-0 irabazita. Aldiz, kadeteek 0-1 galdu zuten domekan Segurako Aizkorri Goierriren kontra, finalaren atarian geratuz eta denboraldiari agur esanez. Eztalan jokatu ziren neurketa biak.
Beraz, infantilek aurrera segi-tzen dute eta Soraluzerekin lehiatuko dira domeka arratsaldeko bostetan Ezoziako zelaian, final-laurdenetako kanporaketan. Irabaziz gero, lau onenen artean sartuko dira.
Arrupe Chaminade kanpora-tzeko Lander Linzoainek lehen zatian eta Oinatz Peñagarikanok bigarrenean sartu zituzten golak. Bigarrena heltzerako hamar jokalarirekin ari ziren etxekoak txartel gorri bat ikusi ondoren.
Pena izan zen kadeteena. Kamiseta gorriz jantzitako zale ugari bildu zuen neurketak. Finalera heltzeko ilusioa nabarmena zen, baina lehen zatia amaitzeko hutsa falta zela hartutako golak esku hutsik laga zituen etxekoak.
Plan Orokorraren bilera
Antzuolako Plan Orokorra (HAPO) garatzeko prozesuaren barruan beste bilera bat deitu du Udalak Torresoroako areto nagusian gaur arratsaldez. Bi ordu iraungo du, 18:30ean hasi eta 20:30ak arte. Orain arteko ekarpenekin antolamendu aukera desberdinak irudikatuko dituzte.