Zortziko bixkian
Errimak bueltaka dabilzkit silaba gris bihurtuta: konfinatuta, pantaila-etengabe-piztuta, multa, nork-indulta
Zenbat kartzelako gai konfinamenduan, zenbat bertso egongelatik sukalderako bidea enegarrenez egitean, etengabeko prozesioan. Errimak bueltaka dabilzkit silaba gris bihurtuta: konfinatuta, pantaila-etengabe-piztuta, multa, nork-indulta… Zeruak txikiagoa ematen du leihotik, eta neguak inoiz nekatzen ez den atleta malgua dirudi, gure gainean akrobaziak egiten. Mila bider egin dut bizikletaz logelatik atarirako joan etorria, lau ozeano zeharkatu ditut igerian bainuontzian, Xenpelar igeri-lagun: «Aizak, hi, mutil bainontzi». Komunean hamarreko handian egin dut gaur egin beharrekoa, txalorik jaso gabe. Luzatzen hazitako bizarra ohi baino urdinduago dagoela iruditu zait, eta moztea erabaki dut. Bizarra egitean bi soneto atera zaizkit, bata atzekoz aurrera eta bestea alderantziz, eta biak aparrak bezain zuriak.
Bihar bederatzi puntukoarekin saiatuko naiz, eta semeren bat ate ondora arrimatzen bada, agian ofizioka ere ariko gara etxeko lanei eta aro digitalari buruz. Albisteak ere heldu dira guganaino. Aita Santuaren hutsezintasuna kolokan jarri dute abokatu batzuek, baina, jakina, artean ez zen hutsezina. Bertso bat osatzeko hitz fina: hutsezina, mina, ezina, erpina… Bestela esanda, potto egin duela. «Txistu jo didazue baina, maite zaituztet oraindik», esan zezakeen Erromatik.
Eguna bukatzeko, gai-jartzaileak gaur gaueko gaia helarazi digu arropak zintzilikatzeko soketatik: «Konfinamendutik konfiamendura». Launa bertso zortziko bixkian.