Zero Chou zinemagile taiwandarrak jasoko du 2025eko Ohorezko Saria
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Taiwaneko queer zinemaren aintzidari izateagatik eskainiko dio omenaldia
DV
Donostia
Sábado, 31 de mayo 2025, 12:29
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Zero Chou zinemagile taiwandarrari emango dio 2025. urteko edizioko Ohorezko Saria, bertako queer zinemaren aitzindaria izateagatik, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez. Ekainaren 23an Arriaga antzokian egingo den jaialdiaren 22. edizioaren inaugurazio ekitaldian jasoko du saria.
Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, «ohore bat da Zinegoak-entzat gure 2025eko Ohorezko Saria Zero Chouri ematea, Taiwango zinema garaikidean eragin eta konpromiso handienetakoa duen zinemagileari». Bere «ausardia, talentua eta mugak gainditu, estereotipoak hautsi eta mundu bidezkoago eta inklusiboago bat sustatzen duen zinema sortzeko dedikazio nekaezina» aitortuko zaiola nabarmendu du.
Zero Chou (Keelung, Taiwan), Filosofian graduatua da Chengchiko Unibertsitate Nazionalean, eta kazetaritzatik hasi eta ikus-entzunezkoen zuzendaritzara arteko ibilbidea egin du. Bere lanik esanguratsuenen muina izango ziren gaiak aztertu ditu 1990eko hamarkadaren erdialdetik bere film laburretan, hau da, identitatea, maitasuna, justizia soziala eta queer eskubideak.
Bere zinema moldeak eta generoak apurtzeko duen gaitasunagatik bereizten da, istorio errealistak eta intimoak drama historikoekin, thrillerrekin eta melodramekin uztartuz, betiere estetika bizi eta zainduarekin.
Tongzhi trilogiak -'Splendid Float' (2004), 'Spider Lilies' (2007) eta 'Drifting Flowers' (2008)- berebiziko garrantzia izan du Asiako LGBTQ+ istorioak ikusarazteko. Film horiek «maitasun harremanetatik eta identitateetatik gizarte borroketaraino» heltzen dira, «mugak gainditzen dituen irudikapen eta enpatia espazio bat» sortuz. Zuzendariari eskainitako atzerabegirakoaren parte izango dira hiru lanak eta Bilbon ikusi ahal izango dira.
- Temas
- Zinema
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.