Xabier Lete sakonena, Hitzetik Hotzera saioan
Denboraldiko azken elkarrizketatua Jon Martin izango da eta Xabier Lete izango dute hizketagai
DV
Donostia
Ostirala, 29 martxoa 2024, 12:37
Jon Martin bertsolari eta ikertzailea elkarrizketatuko du Mirari Martiarenak aste honetako Hitzetik Hortzera saioan, denboraldiko azken programa izango dena. Liburu berria argitaratu berri du Martinek, 'Xabier Lete: Bertsorik sakonena', eta hain zuzen, poeta, idazle eta bertsolari oiartzuarra izango dute hizkegai, larunbatean 21:00etan, ETB1n. Apirilean 80 urte beteko lituzke Letek, eta urteurren horrekin bat egin nahi izan du Martinek bere lan berrian.
Umetatik entzun izan ditu etxean Xabier Leteren abestiak Jon Martinek eta psikodidaktika masterrean bihurtu zitzaion herrikidea ikergai. Bertsolaritzarekin lotura duten Leteren 40 abesti aztertu ditu eta topatu dituen Lete desberdinei buruz arituko dira.
'Xabier Lete: Bertsorik sakonena' liburuan Leteren haurtzaroa eta garaiko testuingurua ere bildu ditu Jon Martinek, Leteren obra ulertzeko ezinbestekoak iruditu baitzaizkio; horretarako izan du Arantxa Lete, Xabierren arrebaren laguntza.
Bertsolaritzarekin Xabier Letek zuen harremanari buruz eta bertsolaritzari egindako ekarpenari buruz ere hitz egingo dute elkarrizketan. Eta programa bukatzeko Xabier Leteren 'Seaska' kanta abestuko du Jon Martinek, Endika Loiola musikariak lagunduta.
Bertso jaialdiak
Deustuko jaialdiak eta Andoiangoek osatuko dute denboraldiko azken Hitzetik Hortzera programa. Deustun festetan antolatutako saioan Aner Euzkitze, Oihana Bartra, Maialen Lujanbio eta Ander Anakabek kantatu zuten. Maite Berriozabal aritu zen gai-jartzaile. Andoainen Sahararen aldeko bertso jaialdia egin zuten eta bertsotan Maddi Etxeberriaren esanetara aritu ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Lierni Rekondo.