Umorea eta zientzia eskutik 'Bikote Bionikoa' saio berrian
ETB-k asteartean estreinatuko duen programa Mikel Perez eta Iñigo Agirrek aurkeztuko dute
DV
Donostia
Astelehena, 30 urria 2023, 16:38
Astearte honetan, urriak 31, estreinatuko du EITBk 'Bikote Bionikoa', zientzia eta umorea uztartzen dituen programa berria. Inguratzen gaituen mundua hobeto ezagutzeaz gain, Mikel Perezek eta Iñigo Agirrek aurkeztuko duten saioak, giza gorputzaren mugak eta gaitasunak neurtuko ditu. Guzti hori, aurkezleek gainditu beharko dituzten erronka dibertigarri eta eszentrikoen bidez.
Saioaren arduradunek aurreratu dutenez, adimen artifizial bat izango dute saioan gidari: ABA (Adimen Bioniko Ahalduna); eta berak proposatutako proba fisiko eta mentalei aurre egin beharko diete programako bi gidariek. Saioaren amaieran elkarren aurka lehiatuko dira eta partaideek erronken aurrean izaten dituzten erantzunen azalpen zientifikoa emango du adimen artifizialak programan zehar, ikusleak datu guztiak zehazki ikus ditzan.
Programaren lehen atalak 'Beldurrak' izenburua du eta bertan beldur mota ezberdinei egin beharko diete aurre Mikelek eta Iñigok, tartean ezezagunarekiko beldurrari eta altuerak eragindako beldurrari. Naturaz-gaindikoarentzako tokia ere izango da erronketan lehen saio honetan, eta erreakzio instintiboak desikasi beharko dituzte. Azkenik, finaleko erronkak gizakion beldurrik handienetako bat izango du oinarri: bizirik lurperatzea, hain zuzen. Gure beldurren eta gure gorputzaren erreakzioen inguruan ikasiko du ikusleak lehen saioan, betiere umorea ahaztu gabe.
Mikel Perez CrossFiteko coach-a da eta 'El Conquistador del Caribe' saioaren hamaseigarren edizioko lehiakide izan zen.
'Bikote Bionikoa' saio berria astearteetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-
en.