San Blas opilen txanda aste honetan
Larunbatean, otsailak 3, santu honen egunarekin opila hauek bedeinkatu eta jateko ohitura mantentzen da hainbat herrietan
Itziar Altuna
Donostia
Igandea, 28 urtarrila 2024, 17:37
San Blas opilen usainak Gipuzkoako gozotegiak hartuko ditu aste honetan. Otsailaren 3an, larunbata, San Blas eguna ospatzen da, eta hainbat herritan opila hauek jan eta bedeinkatzeko ohitura mantetzen da, besteak beste, Eibarren.
Irina, azukrea, arrautzak eta gantza edo margarina, anis usain eta zapore bereizgarriarekin. Osagai hauekin egiten da opila honen orea. Behin dena oratuta, zanpatu eta forma ematen zaio (normalean biribilak izaten dira), eta tontor batzuk sortzen zaizkio ertzetan, laberatu eta azukrearekin estali aurretik. Duela urte batzuetatik hona txokolatezko letrekin apaintzeko joera ere badago, eta letra horietan 'San Blas' irakur daiteke.
Eguna eta opila aski ezagunak badira ere, agian gutxik ezagutuko dute santu honen historia eta bere izena daraman gozoki honekin ohoratzeko arrazoia. Bada San Blas gaixotasun berezien hamalau santu «laguntzaileetako» bat da, eta XIV. mendetik aurrera Alemanian eta Europako beste herrialde batzuetan hedatu zen bera ohoratzeko tradizioa. Gotzain eta mediku armeniarra izan zen, sendaketa miragarriak lortzen zituena. Bere gogoeta espiritualek kobazulo bakarti batera erretiratzera eraman zuten, otoitzean eta meditazioan aritzeko, eta oso ezaguna izatera iritsi zen bere ontasunagatik eta sendatzeko arteengatik. Kondairak dioenez, eztarria zeharkatzen zion arantza batengatik hilzorian zegoen gazte bat sendatu zuen, eta horregatik eztarriko gaitzen aurkako babesletzat ere hartzen dute San Blas.
San Blas opilak egiteko ohitura duela urte askotakoa da Eibarren. Opil honi esentzia edo anis-haziak gehitzen zaizkio, medikuntzan katarroarentzako erremedio on gisa erabiltzen zena. Eta mesedeak lortzeko eta eztarria urte osoan babesteko, jan aurretik bedeinkatu eta San Blasen lokarria lepoan jarri behar zen.
Egun, Eibarko hainbat parrokietan, San Blas egunarekin opilak bedeinkatzen jarraitzen dute. Hainbat herritarrek etxean prestatzen dituzte, beste askok, gozotegitan erosten dituzte. Dena dela, aste honetan San Blas opilen usaina hainbat txokotara iritsiko da.