Pottokak gertutik ikusteko aukera izango da igandean Arantzazun
Bisita gidatua antolatu da Pottokaren Interpretazio Zentroan euskal zadi hauek herritarrei hurbiltzeko
I.A.
Donostia
Asteazkena, 9 uztaila 2025, 13:46
Mamuten garaiko zaldiak deritzaie pottokei, izan ere Paleolito garaitik gaurdaino euskal lurraldea habitatu duten zaldirik zaharrenak dira. Europako arrazarik zaharrenetarikoa bada ere pottoka eta orain gutxira arte ia galzorian egon da. Ehunka gutxi batzuk baino ez dira geratzen, eta denak Euskal Herrian. Horietako batzuk Pottokalekun, Pottokaren Interpretazio Zentroan (Arantzazun), non bisita gidatuak antolatzen diren nola bizirauten diren ikusteko.
Igande honetan, uztailak 13, jarduera berezia prestatu dute, Arantzazu Parketxearekin elkarlanean. Euskal zaldi hauek herritarrei ezagutarazi eta hurbilarazteaz gain, ingurunearen ezagutza eta animaliekiko errespetua sustatzeko ekimenak egingo dira.
Goizeko 11:00etan emango diote hasiera jarduerari Pottokalekun, Aizkorri-Aratz natura-parkearen bihotzean. Saioaren lehen zatian pottoken inguruko azalpen dinamiko bat emango da haien historia zein bitxikeriak ezagutzeko eta izaki horiek protagonista dituen euskal kondaira batekin emango zaio segida.
Jarraian, Pottokaleku zentroan bizi diren pottokak ezagutzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek; hauekin kontaktua egin eta pottokak orraztu, laztandu, jaten eman, uhalak jarri edota berauek gidatzeaz gainera, etxeko txikiek gainean ibiltzeko aukerarekin borobilduko dute goiza. Jarduerak bi orduko iraupena izango duela aurreikusten da.
Bertaratzeko asmoa dutenek, aurrez izena eman beharko dute, lekuak mugatuak baitira. Horretarako arantzazu@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi dezakete, edo 943 782 894 edo 699 335 183 telefono zenbakietara deitu. Prezioa 17 eurokoa izango da (13 euro 3-12 urte bitartako haurrentzat).