Pasaiako Dantza Festibalerako proposamenak jasotzeko epea zabalik da
Jaialdia ekainaren 6tik 9ra ospatuko da
I. Altuna
Donostia
Osteguna, 2 azaroa 2023, 19:30
Pasaiako Dantza Festibalak bere seigarren edizioa ospatuko du datorren urtean. Festibala ekainaren 6tik 9ra ospatuko da eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, «bertan parte hartu nahi duten Euskal Herriko sortzaile eta dantza konpainiei deialdia egiten diegu, data hauetan eskaintzeko prest izango dituzten lanen berri eman diezaguten». Proposamenak aurkezteko epea azazoaren 30era arte egongo da zabalik.
Proposamen bilketa hau «baliagarri2 izango zaie antolatzaileei, «euskal konpainien egungo egoera eta berauen dantza sorkuntza ezberdinak ezagutzeko». Aldi berean, jaialdiaren egitaraua osatu ahal izango dute.
Pasaiako Dantza Festibalak jaialdi «parte-hartzaile, parekide eta integratzailea» izateko asmoarekin diharduela lanean gogoratu dute. Honela, dantza gizarteratzeko eta ikusle berriak erakartzeko, dantza sortzaileen lanak erakusteaz gain, bide ezberdinen bidez dantza herritarrei hurbiltzeko tailer, erakusketa eta hitzaldiek osatuko dute egitaraua.
Baldintzak
Euskal Herriko zazpi probintzietako sortzaile nahiz konpainiek bidalitako lan eta proposamenak onartuko dira jaialdirako. Iraupen motz zein ertaineko piezak izan beharko dira, kalean zein ezohiko espazioetan eskaintzeko sortu direnak. Proposamena aurkezteko, jaialdiaren webgunean dagoen inprimakia bete beharko dute interesa duten taldeek.
Haatik dantza konpainiak Pasaiako udalaren laguntzarekin antolatzen du jaialdia, herritarrek dantza modu ezberdin batetan gozatzeko aukera eskainiz. Antxoko barrutiko hainbat kokalekutan emanaldiak antolatzen dira, kanpoko eta bertako konpainien eskutik.