Nazioarteko unibertsitateetatik, barnetegira
Munduko unibertsitateetan euskara klaseak jasotzen dituzten 27 ikaslek aurrez aurrezko ikastaroa egingo dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian
I. Altuna
Donostia
Asteartea, 15 uztaila 2025, 12:15
Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak. 2024. urtean 1.300 ikasletik gora zeuden matrikulatuta euskal ikasketekin loturiko eskoletan, eta horietatik 27 ikaslek aurrez aurrezko ikastaro trinkoa egingo dute uda honetan Zornotzan Aurten Bai barnetegian, beraien euskara maila hobetzeko.
Bada, Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, barnetegiko egonaldiak bi txandatan egingo dira, eta lehenbizikoan, astelehen honetatik uztailaren 25era, zazpi ikaslek hartuko dute parte. Hiru ikasle Poloniatik etorri dira, eta Bartzelonako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Uruguaiko ikasle bana ere daude. Euren euskara mailaren arabera kokatu dituzte ikasgeletan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, A1 eta B2 maila artean. Lehenengo egunarekin, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak ikasleak bisitatu jaso zuten.
Bigarren txanda abuztuaren 4tik 15era egingo da eta nazioarteko 20 ikasle hartuko ditu: Poloniatik sei ikasle, Universitat de Barcelona-tik lau, Uruguaitik hiru, Italia, Erresuma Batua eta AEBetik bina eta Frantziatik bat.
Egonaldietarako bekak
Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutuaren eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute.
Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak, eta helburua da euskalduntzearen maila bat aurreratzea. Etxeparek eta Aurten Bai Fundazioak erdibana ordaintzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua, eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute.