Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak Albaola elkartearen jarduera babestuko du
'Aprendiztegi' ontzigintza eskolari urtero 50.000 euroko dirulaguntza bideratzeko hitzarmena sinatu dute
DV
Donostia
Ostirala, 10 martxoa 2023, 14:09
Merkataritza Itsasketako Zuzendaritzak eta Albaolak itsas ondarea suspertzearen aldeko hitzarmena sinatu dute. Garraio Ministeritzaren mendekoa den Sustapen Ministerioko Merkataritza Itsasketako Zuzendaria den Benito Núñezek eta Albaola euskal itsas ondarearen aldeko elkartearen lehendakaria den Xabier Agotek hartu dute parte sinadura ekitaldian. Akordio honen bidez, zurezko ontzien eraikuntzaren eta zaharberritzearen aldeko ekimenak lagundu eta garatuko dira.
Donostiako Euskal Itsas Museoan ostiralean sinatu den hitzarmenean Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak urtero 50.000 euro Albaolara bideratzeko konpromezua hartu du. Dirulaguntza honen bidez ontzi tradizionalen eraikuntza, birgaitzea eta ondarearen erabilera turistiko zein kulturala suspertzea bilatzen da besteak beste. Ekintza hauek 'Aprendiztegi' ontzi tradizionalak eraikitzeko teknikak irakatsi eta kontserbatzen diren nazioarteko eskolaren testuinguruan burutuko dira.
Merkataritza Itsasketako Zuzendariak Albaola elkartea burutzen ari den lana goraipatu du; hain itsas ondare aberatsa duen herrialde batean, sektore honetan egiten den lanaren garrantzia berretsi du. Ontzi historikoen eta erreprodukzioen 784/2021 Araudiak itsas ondarearen alde lan egiten duten elkarte eta administrazioak laguntzeko xedea du.
Bere aldetik, Xabier Agotek «mugarri garrantzitsu» bezala deskribatu du Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak ontzi tradizionalak berreskuratzeko eta baloratzeko egin duen apustua; itsas ondarearen garapen eta normalizazioan aurrerapauso handia dela ere azpimarratu du Xabier Agotek. «Oso pozik gaude, ekarpen honek gure lanarekin jarraitu ahal izateko bultzada handia delako».
Tradizioa berreraikitzen
Euskal itsas ondarea oinarri izanik, Albaolaren helburuak gaur egun desagertuak dauden lanbideak, nabigazio tradizionala eta ontzi-eraikuntzaren teknologia berreskuratzea dira, besteak beste. Horrez gain, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira, XIX. mendeko arrantza-traineru baten eraikuntza ere abian da, eta baita itsas salbamentuko ontzi baten zaharberritzea ere.