Material organikoekin artea sortzen
Kubo Aretoan ikusgai dagoen María Cueto artistaren erakusketaren harira, larunbatean familientzako tailerra izango da
I. Altuna
Donostia
Asteartea, 8 uztaila 2025, 18:41
Kutxa Fundazioko Kubo aretoan ikusgai dago María Cuetoren lanak biltzen dituen erakusketa. Bertan, Berastegin bizi den artistak lau hamarralditan barrena izan duen bilakaera aurkezten da, ardatz harturik ehunari eta zuntz-arteari buruz egindako ikerketatik eratorritako zenbait kontzeptu eta baliabide estetiko.
'María Cueto. Iragankorra ehuntzen: testurak, errepikapena, geometria, zirkulartasuna' erakusketak ehun lan inguru biltzen ditu: ehun-lanak, tamaina handiko obrak prestatzeko maketak eta azetatozko ehun-bilbeak (80ko hamarkadan bere jardunaren lehen urteetakoekin hasi eta 2023an egindako azken lanetaraino) eta dokumentazio ugari, hala nola lan-koadernoak, zirriborroak, argazkiak edo katalogoak. Guztiak, bere jardun artistikoaren bilakaeraren lekuko.
Erakusketa honen harira, hainbat ekimen antolatu dira. Honela, larunbatetan bisita gidatuak izango dira, 17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz. Sarrera doan izango da, baina aldez aurretik online izena eman beharko da.
Bestalde, familientzako tailerrak ere izango dira; lehenengoa larunbata honetan, uztailak 12, goizetako 11.30etik 13.30era. Bertan, haziak adarrak, hostoak edo mintzak sorkuntzarako erabili daitezkeela ikasiko dute haurrek. Material organiko horiek eskulturak egiteko eskaintzen dituzten aukerak aztertuko dituzte, eta horretarako aterpe bat sortuko dute parte hartzaileek. Maushausekin elkarlanean antolatutako tailerra izango da, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua (heldu batek lagunduta joan beharko dute). Euskaraz eskainiko da eta izena online eman beharko da.