Kilimak taldeak eta Heitxik dantzan jarriko dute larunbatean Azpeitia runba eta elektro-triki-pop doinuekin
San Inaziyuetako lehenengo kontzertua izango da
Kilimak taldearen runba eta Heitxiren elektro-triki-pop doinuek Azpeitiako Plaza Nagusia hartuko dute bihar gauean San Inaziyuen lehenengo kontzertuan.
Hernanin sortua 2018an, Kilimak «kasualitatez» iritsi zen runbara. Jai giro batean jo zuen Agus Garmendiak runba abesti bat eta kilimak sentitu zituen sabelean, pinpilinpauxen zirrara. Lehen ideia hori sakonduta sortuko zen lasterrera taldea helburu trinkoarekin: runbaren doinuak erabiliz bihotzak eta buruak alaitu gorputzak dantzak jartzeko. 'Euskal Herriko runba' diska (2021) izan zen lehen lana (aurrez 2020an Gaztea maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten) eta aurten kaleratu dute bigarrena, 'Irrikitan', non hainbat estilo nahasten dituzte, hala nola merengea, urban, elektronika edo Karibeko erritmoak. Ehundik gora kontzertu eskaini dituzte dagoeneko.
Heitxi Eider Etxeandia zornotzarra da, eta musika eszenara iritsi berri bada ere, bere belaunaldiko ahots indartsu eta freskoenetakoa dela esan daiteke. Elektro-triki-pop gisa definitutako estiloarekin, elektronika eta euskal tradizioa uztartzen ditu ikuspegi pertsonal eta konprometitu batetik, identitatea, osasun mentala edo borroka feminista bezalako gaiak jorratuz.
Bere abestiak diska batetan bildu ditu, 'Berreraikitze aroa', «nortasuna berreraikitzeko eta nork bere burua onartzeko beharretik sortutako proiektua» aurten kaleratu duena. Narratiba introspektibo baten bidez, nor garen deskubritzeko prozesua aztertzen du, beldurrei aurre eginez, oztopoak gaindituz eta aldaketak onartu eta besarkatuz, hazkunde pertsonalerako aukera gisa.