Julio Sotok irabazi du Vianako saioa
Bertsolariak azaroaren 11n Agoitzen jokatu den Nafarroako bertso txapelketaren finalaurrerako txartela lortu zuen
Nafarroako bertso txapelketa aurrera doan heinean, finalaurrekoetan izango diren protagonisten izenak ezagutzen ari dira. Asteburu honetan, Julio Sotok irabazi du Vianako saioa eta
Vianan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioa, herri horretako Kultur Etxean. 170 bertsozale inguru elkartu dira bertan, saioa zuzenean jarraitzeko. Sei bertsolari aritu dira kantuan, zozketak ebatzitako ordenean: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Urko Gartzia Aleman, Patxi Castillo Graciarena, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Aitor Irastortza Arrizubieta. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Zigor Gartzia 'Zian'-ek egin ditu. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Vianako Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa, txapelketaren historian lehen aldiz herri horretan.
Behin ariketa puntuagarriak eginda, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (380 ), eta ondorioz, saioa irabazi eta azaroaren 11n Agoitzen jokatuko den bigarren finalaurrekorako sailkapen zuzena lortu du. Haren atzetik sailkatu dira Xabat Illarregi (377,5), Ekhiñe Zapiain (338), Urko Gartzia (300), Patxi Castillo (294) eta Aitor Irastortza (287).
Bestalde, gaur igandea, beste kanporaketa bat jokatzen ari da eta bertan, Joanes Illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Iriarte, Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia aritu dira kantuan, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara.
Finala, abenduaren 2an Iruñean
Bi hilabetez, egitasmoaren irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.
Lau final-laurden eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduaren 2an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2023ko Nafarroako txapelduna.