Itsaso osasuntsu baten aldeko zeharkaldia
Uztailean zehar Mater itsasontzi museo ekoaktiboak euskal kostaldeko hainbat herri bisitatuko ditu
I. A.
Donostia
Asteartea, 8 uztaila 2025, 18:36
Zero zabor uretan kanpainaren itsas zeharkaldia abian da. Ekimen honek, berriz ere, itsasoko zaborren arazoari eta ingurumenaren babesari buruzko sentsibilizazioan jartzen du arreta. Uztailean zehar, itsaso osasuntsu bat lortzeko bidean, Mater itsasontzi museo ekoaktiboak Bizkaioko eta Gipuzkoako hainbat herri bisitatuko ditu. Portu bakoitzean lau egunetako geldialdia egingo du, itsas hondakinen arazoei eta irtenbideei buruzko kontzientziazioa areagotzera bideratua.
Bilbon jarri zen abian kanpaina (uztailak 2-5), eta jarraian Portugaleten egin du hurrengo geldialdia. Hurrengo etapak Bermeora (uztailak 8-11) eramango du, Ondarroara (uztailak 11-14) iritsi baino lehen. Mutriku izango da Mater itsasontziak bisitatuko duen Gipuzkoako lehen herria (uztailak 14-17) eta ondoren Hondarribin (uztailak 17-20), Getarian (uztailak 20-23) eta Pasaian (uztailak 23-27) egingo ditu geldialdiak. Herri hauetan doako jarduerak izango dira: bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak ontzian eta itsasoa eta bizia zaintzeko aldarrikapenak.
Guztion zeregina
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak kanpaina hau babesten du berriz ere, tokiko merkataritzaren inplikazioa bultzatzea helburu, sektore hori funtsezkoa baita herritarrengan duen hurbiltasunagatik eta haiengan eragiteko duen gaitasunagatik. Javier Hurtado sailburuak aurkezpenean Mater itsasontziko arduradunen lana eskertu eta nabarmendu zuen haien hezkuntza- eta kontzientziazio-lana, ikastetxeetatik hasi eta tokiko merkataritzaraino. «Gure ingurunea zaintzea guztion zeregina da: erakundeena, elkarteena, merkataritza, ostalaritza edo turismoa bezalako sektoreena. Eta zeregin indibiduala ere bada. Kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakiekin, biharko gizartea moldatzen ari gara», adierazi zuen.
Azkenik, azpimarratu zuen ingurumen-kontzientzian aurrerapausoak lortu diren arren, oraindik asko dagoela egiteko: «funtsezkoa da hezten, informatzen eta kontzientziatzen jarraitzea, gizarte bidezkoagoa eta planeta bizigarriagoa eraikitzeko»