Ikerketa-proiektuen bigarren deialdia egin dute UEUk eta BadaLab-ek
Eskabideak aurkezteko epea irailaren 22ra ate egongo de zabalik
DV
Donostia
Larunbata, 2 abuztua 2025, 17:56
Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen bigarren deialdia egin dute Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk) eta BadaLab-ek. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte egongo da eskabideak egiteko aukera.
Deialdi hau ikerketaren ibilbidean hasi berri diren ikertzaile euskaldunei zuzentzen zaie, ikertzaile gazte euskaldunei, alegia. Ikertzaile bat ikerketaren ibilbidean hasiberria edo gaztea izango da, deialdia amaitzen den epean behintzat egoera hauetako batean badago: gradua amaitu berria baina oraindik doktorego-tesia hasi gabe egotea (matrikulatu gabe); doktorego-tesia matrikulatuta egotea; edo doktorego-tesia defendatu berria (gehienez 4 urte) izatea.
Ikerketa-taldeen kasuan, gutxienez 3 kidez osatutako taldeak aurkeztu ahal izango dira eta kide guztiak ikertzaile gazteak izango dira. Diziplinarteko ikerketa-taldea izan beharko du eta horretarako honako bi baldintza hauek bete beharko dira: gutxienez 2 jakintza-arlo desberdinetako ikertzaileak egotea (Giza Zientziak eta Artea, Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea, Ingeniaritza eta Arkitektura, Osasun Zientziak eta Natura Zientziak) eta gutxienez 3 zentro edo fakultate desberdinetako ikertzaileak izatea.
Ikertzaile arduradun bat edo bi izendatuko dira eta hauek doktoreak izan beharko dute edo lau urteko esperientzia eduki ikerketan. Halabeharrez, C1 edo baliokidea den euskara-maila izan beharko dute, edo eta euskarazko artikulu zientifiko bat argitaraturik izatea.
Proiektu batean baino gehiagotan parte hartu ahal izango da, baina ikertzaile nagusiaren ardura soilik proiektu batean hartu ahal izango da.
Ikerketa-proiektuen iraupena 18 hilabetekoa izango da, 2025eko abenduaren 1etik eta 2027ko maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da eta azken hilabetea memoria osatzeko erabiliko da.