Bi hitzordu berezi izango ditu Dant Point jaialdiak asteburu honetan
Hernaniko Ave Maria parkean eta Zumaiako Itzurun Hondartzan kontzertu bereziak ospatuko dira
I. Altuna
Donostia
Osteguna, 17 uztaila 2025, 13:21
Dantz Point kultura-proiektuak gure ondarea balioan jarri nahi du musika elektronikoko eta garaikideko esperientzia artistikoen bidez. Horretarako, kontzertuak antolatzen ditu hainbat herritako txoko edo leku esanguratsuetan. Aurtengo edizioak Hondarribian eta Bergaran eman zituen bere lehen urratsak eta asteburu honetarako beste bi hitzordu berezi antolatu dira, Hernanin eta Zumaian.
Bigarrenez, Dantz Point Hernanin izango da, Ave Maria parkean. Ostiralean arratsaldeko 18:00etatik gauerdira ospatuko da jaialdia, Santech, Bitter Ama eta Tom Karobi artista gonbidatuekin.
Asteburu honetako bigarren hitzordua larunbatean iritsiko da. Zumaiako Itzurun hondartzan arituko dira giroa berotzen Goiko, Jara, Julen Luan eta U. Bellamy artistak. 19.30ean hasiko da emanaldia eta goizeko 02.30ak arte luzatzea aurreikusten dute. Hirugarren aldia izango da jaialdia paraje honetara iristen dela. UNESCOk Geoparke izendatua, denboraldiko kontzertu berezienetakoa izango da. Eguraldi baldintza egokiak ez badira, Aitzuri pilotalekuan izango da jaialdia, 22:00etan.
Ehun ekitaldi baino gehiago
Dantz Point-ak balio enblematiko, arkitektoniko eta natural handiko espazioetan egin ohi dira, «herritarrak beren ingurunearekin konektatzeko, abangoardiako musika elektronikotik eta tokiko parte-hartzetik», diote antolatzaileek. Gipuzkoan aurten bost emanaldi izango dira (azkena Arrasaten irailak 20an), baina beste hainbat hiri eta leku ere bisitatuko ditu ekimen honek. Honela, Bilbon, Getxon, Iruñean, Durangon, Tafallan, Fiteron eta Gasteizen ere kontzertuak antolatuko dira.
2019an lehenengo edizioa burutu zenetik, jaialdia hazten joan da eta dagoeneko 110 Dantz-Point baina gehiago egin dira.