Euskara telebistari begira ikasteko aukera
EITBk 'Ingura' euskara ikasteko saioak eskainiko ditu ETB2n eta eitb.eus-en ere
DV
Donostia
Larunbata, 18 urria 2025, 12:09
HABEk helduen euskalduntzerako Ingura ikas-ingurune digitala sortu du. Gaur egun, 14.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute euskara ikasteko, edozein dispositibotatik. Aste honetatik gainera, telebistan ikus daitezke ikas-ingurune digitaleko bideoak.
EITB-ko iturriek jakinarazi dutenez, ETB2n eta eitb.eus-en, egunero eskainiko dira 'En Jake' saioaren aurretik 'Ingura' tarte laburra (11:25ean). A1 eta A2 mailako edukiekin osatuko da.
Saio bakoitzak bi zati izango ditu: lehenengoan, 3 minutuko fikzioa, eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko egoera desberdinak planteatuz, eta hainbat euskal aktoreren partaidetzarekin. Antton Telleria dugu fikzio egoera horiek idatzi dituena.
Bigarren zatian, berriz, fikzio hori oinarritzat hartuta, 5 minutuko azalpena egingo da, euskal komunikazio munduko aurpegi ezagunen eskutik: Xabi Ormazabal, Oihana Maritorena, Asier Odriozola eta Ane Zuazubiskar. «Oso era berritzaile eta modernoan grabatuta daude tarte hauek», adierazi dute EITBko iturrriek. Guzitera 140 saio izango dira.
INGURA proiektu osoa euskara online ikasteko ingurune digitala da, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi. A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskaintzen ditu eta ingurune eleaniztuna da. Lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Ekimena, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, euskaltegien lana osatuz eta indartuz, eta esparru digitalean ate berriak irekiz.
Proiektu honek ingurune irisgarria, malgua eta erakargarria eskaintzea du helburu, edozein pertsonak hizkuntza ikasten hasteko edo aurrera egiteko aukera izan dezan.