Etxepare - Labrol Kutxa Itzulpen Sariaren deialdia, zabalik
Abuztuaren 27ra arte aurkeztu daitezke jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak
DV
Donostia
Astelehena, 7 uztaila 2025, 17:43
Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak elkarlanean sortutako Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren deialdia ireki da eta hautagaiak aurkezteko epea abuztuaren 27ra arte izango da zabalik. Ekimenak jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzea du xede, itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia.
Sari honetara nazioarteko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2024. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragileren batek egin ahal izango du.
Saria 4.000 eurokoa izango da, eta zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak erdibana jasoko dute. Izan ere, saridunak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartuko dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxeak egindako sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute saridunek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko, hau da, aurkezpenak, publizitate kanpainak, hedabideetako elkarrizketak, etab. burutzen laguntzeko.
Sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da, Etxepare Euskal Institutuak eta Labroal Kutxak adostutako lekuan eta egunean. Epaimahaia, berriz, itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta Laboral Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute.
Azkeneko edizioan, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren 'Kontrako eztarritik' saiakeraren katalanezko edizioak irabazi zuen Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria. Estibaliz Lizasok itzuli zuen lana euskaratik katalanera, eta Bartzelonako Pol·len edicions argitaletxeak plazaratu zuen 'Revers. Testimonis de dones bertsolaris' izenburupean.