Etorkizuneko epaiei erantzunak batasunetik antolatzeko protokoloa aurkeztu du Kontseiluak
Euskararen normalizazio prozesuan «atzerapausoak egitera behartzen ari den oldarraldi judizialari erantzun irmoa emateko asmoz» garatutako den tresna dela dio
I. A.
Donostia
Asteartea, 7 azaroa 2023, 19:18
Euskalgintzaren Kontseiluak 'Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa' izeneko dokumentua aurkeztu du, euskararen inguruan etorkizunean izan daitezkeen epaiei erantzunak «tokian toki» eta «batasunetik» antolatzeko. Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak aurkeztu du agiria Bilbon egindako agerraldian. Gogorarazi du Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere 2. artikuluan zehazten duela inor ezin dela diskriminatua izan bere hizkuntzarengatik, baina oraindik euskal hiztunen eskubideak ez daudela guztiz bermatutaeguneroko arlo askotan.
Horregatik, azaldu du protokolo hau euskararen normalizazio prozesuan «atzerapausoak egitera behartzen ari den oldarraldi judizialari erantzun irmoa emateko asmoz» garatutako tresna dela, «hizkuntza eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena, euskalgintzaren eta hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten askotariko eragileen arteko harremana eta elkarlana hauspotuz».
Protokoloa funtzionamenduari dagokionez, bi kasutan aktibatu ahal izango dela argitu du Mantxolak: batetik, arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza eskubideen loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko, eta, bestetik, hizkuntza eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako epai baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko. Kontseiluak jasoko du kasuaren berri,eta eragileekin batera hurrengo urratsak aztertuko ditu.
Epaien kasuan, eragin eremuaren arabera bi erantzun mota aurreikusi ditu protokoloak: udal edo tokiko kasuak, eta foru erakunde edo administrazio orokorragoetakoak. Lehenengoetan, tokiko euskalgintzak eta eragileek izango dute erantzunaren protagonismoa, eta sustatuko da beraiek egitea harremana alderdi eta sindikatuekin. Foru erakunde edo administrazio orokorragoen kasuan, sindikatuekin batera erantzun bat adosteko saiakera egingo litzateke, hala nola salaketa adierazpena, prentsaurrekoa, elkarretaratzea edota mobilizazioa.
Bi kasuetan, Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, eta beharrezkoa den kasuetan, euskarri eta baliabide desberdinak eskaintzea. Epaien kasuan, egingarri denean, Kontseiluak babesa adieraziko lioke erakundeari errekurtsoa aurkezteko.
Mantxolak argitu du protokoloa ez dela dokumentu itxia, baizik eta erantzun eta esperientziak metatu ahala, eragileen ekarpenak jasoz, aberasten eta egokitzen joatea dutela xede. Dokumentua eskuragarri dago www.kontseilua.eus/protokoloa atarian.
Manifestazioaren balorazioa
Bestalde, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak larunbatean euskararen biziberritzearen aurkako sententziak salatzeko Bilbon egin zen manifestazioaren balorazio «positiboa» egin du agerraldi berean, eta «erantzukizunez bideratzeko konpromisoa» adierazi du. Gainera, poztasuna agertu du «uztai soziopolitikoaren zati handienak manifestazioarekin bat egin zuelako».
Larunbatekoak Kontseiluari «ardura bat» erantsi diola azaldu du, eta «indar hori guztia ahalik eta ondoen bideratzeko konpromisoa» agertu du, «beti ere, euskararen normalizazioaren alde eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde». Manifestazioaren bukaerako hitzartzean esan bezala, «itun soziopolitiko baten premia» nabarmendu du Eskisabelek, eta Kontseiluaren konpromisoa itun hori bideratzea izango dela ziurtatu du, «adostasunen bilaketa eta lanketatik».